Ekainetik aurrera itzuliko dizkie Ogasunak 400 euroak EAEko zerga ordaintzaileei

Guzti-guztiek jasoko dute dirua, baina soldatak eta seme-alaba kopuruak markatuko dute epea

2008ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Euskal Autonomia Erkidegoko hiru foru aldundiek, motelaldiari aurre egite aldera, neurri sorta bat adostu dute. Tartean, soldatapeko langileei, pentsiodunei eta autonomoei 400 euro itzultzea. Horrela, Espainiako Gobernuko presidente Jose Luis Rodriguez Zapaterok hauteskundeei begira agindutakoak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere izango du eragina, diru hori itzultzeko bidea bestelakoa izango bada ere.

Izan ere, EAEn soldaten hileroko atxikipena murriztea izango da bidea. Zeharkako moduan, beraz. Hau da, Ogasunak diru gutxiago kenduko die hilero nominatik zerga ordaintzaileei, murrizte horiekin 400 osatu arte. Murrizte hori diru sarreren eta seme-alaba kopuruaren araberakoaizango da, gainera. Horrela, soldata apalena eta seme-alaba gehien dituztenek izango dute atxikipen txikiena eta azkarrago itzuliko dizkiete 400 euroak. Irizpide horien arabera -soldata eta seme-alaba kopurua-, hileroko atxikipenaren murriztea %1 eta %4 artekoa izango da.

Esaterako, urtean 15.400 euro kobratu eta bi seme-alaba dituenari soldataren %2 kenduko dio aurten Ogasunak, iaz baino 3 puntu gutxiago -iazko atxikipen taulen arabera, %5 kentzen zitzaion-. Urtean 25.000 kobratu eta seme edo alaba bakarra duenari, berriz, errentaren %12 atxikiko diote, orain artean baino 2 puntu gutxiago -iaz %14 atxikitzen zioten-.

Era berean, 12.000 euro baino gutxiago kobratzen duten guztiei ez diete ezer atxikiko -orain arte 10.390 euro zen muga-. Alegia, jende gehiago salbuetsita geratuko da ordaintzetik.

Dena den, zerga ordaintzaile guzti-guztiek jasoko dituzte 400 euroak. Soldatak eta seme-alaba kopuruak, beraz, diru hori errekuperatzeko epea markatuko dute. Errenta txikiena eta seme-alaba gehien dituztenak ekainean hasiko dira foru aldundiek adostutako laguntza nabaritzen. Eta urtea amaitu aurretik jasoko dituzte, zeharka bada ere, 400 euroak. Soldata handienak dituztenek -atxikipen handienadutenek-, aldiz, errenta aitorpena egin ostean jasoko dute diru hori, datorren urtean.



DEFLAKTAZIOA. Era berean, atxikipen taulan eragina duen beste neurri bat ere adostu zuten atzo. KPI Kontsumo Prezioen Indizea hazteak eragiten dituen kalteak arintzeko, tarifa orokorra %2 deflaktatzea erabaki dute. Soldatak eta inflazioa berdintzeko, urtero egiten zuten deflaktazioa, baina aurten, orain artean, zerga erreforma dela medio, ez dute egin.

Zerga ordaintzaile guztiei 400 euroko murriztea eginda, Ogasunek diru gutxiago jasoko dute. Bizkaiko Foru Ogasunak 205 milioi euro gutxiago kalkulatu du, eta 195 milioi gutxiago Arabakoak.

Bizkaiko Ogasuneko diputatu Jose Mari Iruarrizagak azpimarratu du PSOEk hauteskundeei begira agindu zuelako eta herritarrek eskatzen zutelako hartu behar izan dutela neurria. Eta zalantzan jarri du horren eraginkortasuna: «Egoera ekonomikoa konplexuagoa da, eta hau konponduko bada, bestelako neurri fiskalak ere hartu beharko dira aurrerantzean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.