Ekaitz Etxean kolektiboak Ekaitz Samaniego gazte gasteiztarraren alde manifestatzera deitu du urtarrilaren 14rako, Gasteizen. Ekaitz Etxean! izango da leloa, eta Samaniegoren egoera salatuko dute. Ezkutatuta dago gaztea, Espainiako Auzitegi Gorenak molotov koktelak jaurtitzeagatik zortzi urteko espetxe zigorra jarri ostean.
Kolektiboak baloratu egin du aurreko astean hainbat lagunek Gasteizko eliza batean egin zuten itxialdia. Txerra Bolinaga kolektiboko kideak esan du itxialdiaren helburua haren egoera ezagutzera ematea zela. Samaniegok berak parte hartu zuen, baina gero ezkutatzea erabaki zuen, bere egoera agerian uzteko.