Herenegun gauetik atzoko goiza arte Nafarroako hegoaldean izandako ekaitzen ondorioz uholdeak izan dira Erriberako hainbat herritan. Ebrok gainezka egin zuen, bai eta Lodosako, Tausteko eta Imperial ubideek ere; hainbat tokitan lehertu ziren. Cortes herria izan da kaltetuena. Metro eta erdiko mailara igo zen ura herriko hainbat auzotan, eta, ondorioz, etxebizitza ugari hartu zituen.
Ehundik gora dei jaso zituzten Tuterako suhiltzaileek Corteseko etxebizitzetan harrapatuta geratu ziren herritarrak ateratzen laguntzeko eskatuz. Txalupak, traktoreak eta noranahiko kamioiak erabili zituzten lan horretarako. «Goizaldean hasi, eta eguerdira arte zeregin horretan aritu gara. Horri eman diogu lehentasuna», azaldu zion Tuterako suhiltzaile batek atzo berriari. 30 suhiltzaile inguru aritu ziren egun osoan lanean.Cortesen ez ezik, Tuteran, Fustiñanan, Cabanillasen, Ablitasen, Fontellasen, Ribaforadan eta Buñuelen ere arazoak izan ziren. Astelehenean 22:00ak aldera hasi zen euria, atzo 08:00ak arte gogotik bota zuen; 130 litro ur metro koadroko jaso ziren, esaterako, Nafarroako Gobernuak Bardean duen behatokian.
Cortesen egoera, «beldurgarria»
Beldurra aipatzen zuten Cortesko herritar guztiek atzo uholdeei buruz hitz egiterakoan. «Bizi behar da zer den jakiteko; beldurgarria. Oraindik ere metro bete ur badugu etxean», azaldu zion Joaquin Blascok berriari, arratsaldeko 16:00etan.
Jubilatuta dago Blasco, baina herriko okina izan da hainbat urtez. Okindegia zena, hain zuzen ere, ur azpian zen atzo, San Juan kalean. «Ezin izan genuen deus egin. Bat-batean egin zuen gora urak», azpimarratu zuen, triste. Arrailak aurkitu zituen etxeko nagusiak hainbat gelatan, baina suhiltzaileek arriskurik ez zela erran zioten. Bera, hala ere, ez zen lasai gelditu. «Eta oraindik dena garbitu beharko dugu; 72 urte ditut eta ez dut horrelakorik inoiz ikusi», bukatu zuen.San Fermin kaleko Maria Angelesentzat ere luzea izan zen astelehen gaua. «22:00etan, jada, ura sartu zitzaigun garajean. Atera ahal izan genuen, baina, goizaldeko 04:00ak aldera, bat-batean, egongelan genuen ura. Ordenagailua salbatzeko denborarik ere ez genuen izan. Lodosako ubideak gainezka egin omen zuen», azaldu zuen, oraindik larrituta.
Jose Maria Blascok denda badu San Juan kalean. «Elikagai guztiak galdu ditut. Dena dago urez beteta. Hau ikaragarria da. Gaizki gaude. Horrelakorik ez nuen inoiz ikusi. Ura atetik ez sartzeko ahaleginak egin genituen, baina alferrik. Kaleko maila hartu arte gora egin zuen urak denda barruan», azaldu zuen, saminez. «Aseguru etxekoekinhitz egin beharko dut bihar, zer egin dezakedan galdetzeko».
Ura oheraino ailegatu zitzaionean izutu zen Norma Pallo. San Fermin kalean bizi da bera ere. «Autoa garajean sartzera atera ginen kalera, baina ikusi genuen ura igotzen eta igotzen ari zela. Auzolagunei erran genien, kontuz ibiltzeko. Beheko solairuan bizi gara gu, eta ura barruraino sartu zen. Altzariak mugitzeko denborarik ere ez genuen izan», nabarmendu zuen.Etxebizitzetan ez ezik, ibilgailuetan ere harrapatuta gelditu ziren hainbat pertsona atzo Cortesen. Hutsik zegoen eraikin bat, halaber, behera erori zen uholdeen ondorioz. Suhiltzaileak, Foruzaingoa eta Guardia Zibila aritu ziren lanean. Ohiko ibilgailuez gain, helikopteroa bidali zuen Nafarroako Gobernuak Erriberara.
Ebro gainezka Tuteran, eta errepideak moztuta
Tuterako hiriguneraino ere ailegatu zen ura, baina ez zen arazo handirik sortu. «Hainbat etxabetan sartu da ura, baina ez dugu karrikarik moztu behar izan. Hainbat zuhaitz erori da, baina trafikoari ez diote eragin», erran zioten Tuterako Udaltzaingotik berriari.
Tuteran, hain zuzen ere, Ebroko ezker ertzean dauden etxolek jasan zituzten kalterik larrienak. «Bardeatik Ebrorainoko arroiletatik ur asko ailegatu da, eta, ondorioz, gainezka egin du ibaiak. Etxoletan zegoen jendea atera behar izan dugu», gaineratu zuten Tuterako udaltzainek.Fustiñanan, Guardia Zibilaren kuartela hustu behar izan zuten. Pareta bat erori, eta, ondorioz, metro eta erdiko mailara iritsi zen ura. «Egoera oso larria izan da, baina hasi da hobetzen. Urak behera egin du, eta karriketan dagoen lohia garbitzen hasi gara», ezagutarazi zuten herriko Udaleko ordezkariek eguerdian.Fustiñanatik Tuterara eta Ribaforadada joateko errepideak moztuta ziren artean, hala ere. Ez ziren bakarrak. Uholdeen ondorioz hainbat moztu behar izan zituzten: sare nagusian, Alfaro-Tutera-Zaragoza arteko N-232, Ribaforadatik Cortesera; eta Iruñea-Tutera arteko N-121, Caparrosotik Abetos eremura.Bigarren mailako sarean, berriz, Tutera-Tauste arteko NA-126 erabat itxi zuten; hirugarren kilometrotik Ejea de los Caballeroseraino, Tutera-Ejea de los Caballeros arteko NA-125a; Arguedastik Tuterara NA-134a; eta erabat moztu zuten Ribaforada-Cortes arteko NA-5500a.
Egoeraren berri zuzenean izateko Erriberan izan ziren atzo Nafarroako Gobernuko presidente Miguel Sanz, eta bi kontseilari, Javier Caballero eta Alberto Catalan . Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkari Vicente Ripa ere bertan izan zen. PSNk, berriz, Nafarroako Gobernuak larrialdietarako duen sistemaren «eraginkortasun eza» kritikatu zuen.
EGURALDIA. UHOLDEAK EUSKAL HERRIAN
Ekaitzak Erribera jo du
Uholdeak izan dira Nafarroa hegoaldeko hainbat herritan, ekaitzen ondorioz Ebro ibaiak eta Lodosako eta Tausteko ubideek gainezka egin ondoren; metro eta erdira iritsi da ura Cortesen; han egin du kalte gehien
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu