'Ekin' izango da 2023ko Araba Euskaraz jaiaren ikurra eta leloa

2023ko ekainaren 11n egingo dute, Olarizun. Urte osorako bestelako ekintzak ere antolatu dituzte: Goazen taldearen kontzertua, adibidez

Unai Mendizabal eta Salome Martinez de Ilarduia, atzo. ARABA EUSKARAZ.
iraia vieira gil
2022ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Unai Mendizabal Arabako Ikastolen Elkartearen presidenteak eta Salome Martinez de Ilarduia Lautada ikastolako zuzendariak 2023ko Araba Euskaraz ikastolen jaialdia aurkeztu zuten atzo, Gasteizen. 2023ko ekainaren 11n egingo dute, Olarizun, eta zortzi ikastolak parte hartuko dute.

Ardatzak aurtengo ereduari jarraituko dio, eta, auzolanaren eta elkarlanaren bidez, elkarren arteko harremanak aberastuko dituzte. Batzordeak antolatuko dituzte ikastoletan, eta haien artean koordinatuko dira ekitaldia aurrera eramateko.

Aurtengo ikurra eta leloa Ekin hitzak osatuko ditu: «Ekinaren ekinez iritsi garelako ikastolak honaino, ekinaren ekinez iritsi delako Araba Euskaraz honaino». Bestalde, «elkarrekin» egin duten bidea izan denez, aditza deklinabide atzizki bihurtuko dute ikurrean.

Iaz bezala, urte osoko jaialdi bihurtuko dute aurten ere, eta egitasmoak antolatuko dituzte Arabako eskualde bakoitzean.

Elkarlana lanabes

Oraingoz, bi ekitaldiren berri eman dute: «Kalejira erraldoi bat» eta «Goazenen kontzertua». Agurainen izango da lehena, azaroaren 18an, eta abenduaren 4an bigarrena. Goazen taldeak bi emanaldi egingo ditu: 17:00etan eta 19:00etan.

Jaiarekin lortuko duten dirua Lautada ikastolaren proiektua laguntzeko erabiliko dute. 2008. urtean sortu zuten, Arabako Lautadan «kalitatezko hezkuntza euskalduna» eskaintzeko xedez. Elkarlana eta auzolana dituzte«lanabes nagusi».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.