'18/98 auziko' epaiketa

Ekinek ez zuela kale borroka zuzentzen ziurtatu du Paul Asensiok

ETAk aginduta, Ekinek kale borroka disenatzea eta hori hala izan dadin hainbat laguni aginduak ematea egozten dio akusazioak '18/98 auzian' Ekin atalean auzipetuta daudenei. Paul Asensio eta Juan Mari Mendizabal Ekin piezan auzipetuta daude eta gaur deklaratu dute biek. Asensioren arabera, "kale borroka deitzen dioten hori", ez zuen Ekinek zuzentzen eta agintzen. Mendizabalek, berriz, esan du akusazioen helburua "lan politikoa eta nazio eraikuntzaren estrategia zigortzea" izan dela.

2006ko martxoaren 15a
17:21
Entzun
Paul Asesinok adierazi du kale borroka ez dela gauza antolatu bat izaten, "une gogor baten aurrean erantzuteko bapateko modua" dela baizik. Hainbat adibide eman ditu gainera: 68ko maiatzako aldarrikapenak barrikaden eta koktel molotoven jaurtiketen bitartez egin zirela esan du. Edo, Joaquin Sabina abeslari espainiarrak 70. hamarkadan koktelak jaurti zituela Granadan (Andaluzia) banketxe baten aurka Burgoseko epaiketaren aurka egiteko. Horixe irakurri omen du Sabinaren biografian.

Euskal Herrian ere erantzun mota hori egon dela azaldu du. 1986an Santi Brouard HBko mahaikidea hil zutela irrati bidez jakin zuen Asensiok, eta bere momentuko erreakzioa herriko plazara joatea izan zen, beste ehunka lagunen moduan, bapatean, ez modu antolatuan. Eta batzuek kaputxak jarri eta barrikadak egin zituztela azaldu du. "Albiste txar bat entzun dute eta erantzun egin dute. Eta barrikadak jarri zituzten, modu espontaneoan". Asensioren hitzetan, baina, jarduera horiek ez dira antolatuak.

Bestalde Ekinen egindako lanaz harro dagoela esan du. Diagnosiak egin eta alternatibak planteatzea zen Ekinen eginbeharra Asensioren hitzetan, eta inoren gidaritzarik ez zutela azpimarratu du.

"Lan politikoa zigortzea da akusazioen helburua"

Juan Mari Mendizabalek behin eta berriz esan du akusazioen helburua "lan politikoa eta nazio eraikuntzaren estrategia zigortzea" izan dela. Era berean, Mendizabalek ukatu egin zuen inoiz ETArenaginduetara lan egin duenik edo ETAko kidea izan denik.

Mendizabalek azaldu du euskararen egoerak biziki kezkatuta EHEn lan egin zuela. Gero Ekinen hasierako gogoetetan parte hartu zuela esan du; zehazki hizkuntzaren alorrean. Mendizabalek agertu du nazio eraikuntzan aritzeko gabezia zegoela ikusita sortu zela Ekin.

Hizkuntz eskubideak Euskal Herrian egunero urratzen zirela ikusita, Ekinetik horri aurre nola egin "modu praktikoan" jorratu nahi zutela azaldu du. Baina eraso polizial eta judizialak lan hori guztia kaltetu zutela. "Gure lan politikoa zigortzea du helburu akusazioak".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.