2010. urteko irailaren 13an eta 2011ko urtarrilaren 18an atxilotu zituzten, Fernando Grande Marlaska epailearen aginduz. 369/2008 sumarioan, Egoitz Garmendia , Aniaiz Ariznabarreta, Erika Bilbao, Eneko Compains, Ugaitz Elizaran, Urko Asier Aierbe, Sandra Barrenetxea, Jose Aldasoro eta Rosa Iriarte auzipetu dituzte; 285/2010 sumarioan, berriz, Gorka Zabala, Iker Moreno, Iñigo Gonzalez, Patxi Arratibel eta Gorka Mayo. Torturak salatu zituzten.
Egunotan ari dira prozesamendu autoak jasotzen, eta, horren berri ematearekin batera, euren balorazioa plazaratu dute. Prozesuen "faltsutasuna" nabarmendu dute, eta kritikatu "tortura saio luzeetan oinarrituriko salaketa polizialei" bide eman zaiela Auzitegi Nazionalean: "Modu honetan berme juridiko zein demokratiko minimorik egonen ez den epaiketa bidean kokatu gaituzte".
Espainiako Barne Ministerioak Ekinekin lotu zuen sarekada, eta Ekinekin eta Askatasunarekin bigarrena. Ohartarazi dute "Euskal Herriaren ukazioan, euskal herritarren eskubideen zanpaketan eta salbuespen egoeren iraupenean" oinarritzen dela Auzitegi Nazionala eta ez diotela zilegitasunik ematen: "Ozen aldarrikatu nahi dugu politika egitea ez dela delitu".
Halaber, defendatu dute "epaiketa politikoak bukatzeko garaia" dela: "Gure herrian ireki den aroa zapuztea helburu dutenek jakin dezatela konponbide demokratikoaren ikurra altxatzen jarraituko dugula". Irailaren 22tik aurrera epaituko dituzten 28 gazteei elkartasuna adierazi, eta "Euskal Herriaren eskubideen alde lanean jarraitzeko deia" egin dute, "apaltasunez".