Klima larrialdia

“Ekintzetara pasatu behar dugu”

Bizi mugimenduak deitutako martxa bat egin dute Baionan, klima aldaketari aurre egiteko neurri eske. Errepidea itxita eduki dute ordubete inguruan.

Manifestazioa, gaur, Baionan. BOB EDME
Ekhi Erremundegi Beloki.
2019ko irailaren 21a
19:54
Entzun

Klima aldaketaren kontra politika erabakigarrien eske jarraitzen duten ahotsak ozen entzun dira arratsaldean, Baionan, Bizi mugimenduak deitutako protestan. Klima eta justizia sozialaren martxa. Hitzetatik ekintzetara lelodun pankartaren atzetik, 850 bat pertsona elkartu dira, manifestazio alai eta koloretsu batean. Eragile politiko, sozial eta sindikal andanaren babesa izan zuen protestak, eta ekintza sinboliko batekin bukatu zuten, San Espiritu zubia blokeatu baitzuten oren bat inguru.

Baionako Paul Bert plazan emana zuten hitzordua, 15:00etarako. Bozgoragailuetatik Negu Gorriak-en kantuak entzuten ziren bitartean, oihu eta lelo asko eta askotarikoak entzun ahal izan ziren ibilbide guzian zehar: "1, 2, 3 gradu; gizateriaren aurkako krimen bat da"; "alda sistema, ez klima"; "a anti antikapitalista". Jaka Horien mobilizazioetan asmatu duten kantua ere ez zen falta izan: "Macronek nahi ez badu ere, gu hemen gaude".

Manifestazio buruan, Bizi-ko kideen kamiseta berdeak; gibeletik, Jaka Horiak, eta CGT sindikatuko bandera gorriak. Beste eragile andanaren kolore eta sinboloak ere ikus zitezkeen. Anitzek, etxetik ekarri zituzten aldarrikapenez betetako pankartak: "Ez dago B planetarik", irakurri zitekeen horietako batean; "zein ederra zaren karbonorik gabe", beste batean.

Autoak ez, bizikletak bai

Ekintza sinboliko bat ere proposatu dute. Baiona-Angelu-Miarritze hirigunean martxan ezartzen ari diren trambusaren harira, obrak egin eta zirkulazioa aldatu dute, baina hitz emandakoaren kontrara, autoei lehentasuna utzi diete leku anitzetan. Horren adibide da San Espiritu zubia. Hara iristean, zirkulazioa moztu eta zubia okupatu dute sinbolikoki. "Herri harresi" bat osatzera deitu dute, manifestariak lurrean esertzera gomitatuz. Bat batean, azken hilabeteetan herriko etxetatik lapurtu dituzten Macron presidentearen argazki bat atera da jende artean. Txalo zaparrada batekin agurtu dute manifestariek.

Euskal Elkargoari eta euskal kostako herriko etxeei mezua helarazi nahi dietela azaldu du Etxeberrik. Autopistak kudeatzen dituen Vinci enpresarekin akordioa egin dute, autopistaren zati bat dohainik jarri eta hiri erdia ekiditeko sahiesbidea bilaka dadin "Vinci ordainduko duzue gure hiri barneetako auto zirkulazioaren parte handi bat arintzeko. Ber denboran, ez badiozue autoen zirkulazioari biderik hesten hiri horien barnean berean, klima arazoa larritzen duzue, hori onartezin da", salatu du. "Ororen buru, auto gehiago, berotegi efektuzko gas isurketa gehiago, zenbait urtetan bakarrik, gure herriak autoz beteak liratezkeelarik, baina gaur egun baino auto kopuru handiagoarekin". Autoentzat diren bideak, autobusentzat, oinezkoentzat eta txirrindularientzat eraldatzeko eskatu dute. Halaber, autoentzat moztutako zubian, oinez eta bizikletaz ibiltzera deitu dute, horrek eman lezakeena erakusteko.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.