hipercorreko atentatua

Ekitaldi batekin gogoratu dute gaur Hipercorreko atentatua, 30. urteurrenean

1987ko ekainaren 19an ETAk Bartzelonako saltoki horretan jarri zuen bonbak 21 pertsona hil eta 45 zauritu zituen. Gertatutako gogoratzeko ekitaldian Carles Puigdemont presidentearekin batera egon da Iñigo Urkullu lehendakaria ere. EH Bildu ez da gaurko ekitaldietan egon, han egoteak "tentsioa" eragin zezakeelakoan.

Puigdemont eta Urkullu, Bartzelonako ekitaldian. SAIOA BALEZTENA
2017ko ekainaren 19a
07:17
Entzun

Gaurko egunez duela 30 urte gertatu zen ETAk inoiz egin duen atentaturik handiena, hildako kopuruari dagokionez. Bartzelonan, Hipercor saltoki handiko aparkalekuan, bonba auto bat lehertu zen arratsaldeko 16:10ean, eta 21 lagun hil eta 45 zauritu ziren. Ostiral arratsaldea zenez, ordu horretan beste lan egun batzuetan baino jende gehiago zegoen; hildakoen artean haurrak zeuden. Atentatuak arrakala bat ireki zuen Kataluniatik borroka armatua ikusteko zegoen moduan.

Arratsaldeko Bartzelonako Ekitaldian Carles Puigdemont presidentearekin batera egon da Iñigo Urkullu lehendakaria ere. Bi ordu lehenago bilera egin dute bi agintariek, eta Urkulluk aurreratu duenez, Katalunian egiten ari diren prozesuarekiko errespetua aitortu dio. Ana Ollo Nafarroako Gobernuko kontseilariak ere parte hartu du gaurko ekitaldian. Bartzelonako Udalak ostiralean egin zuen ekitaldia Hipercorreko atentatua gogoratzeko.

EH Bildu ez da gaurko ekitaldietan egon "zuhurtziagatik", han egoteak "tentsioa" eragin zezakeelakoan, Arnaldo Otegik Radio Euskadin adierazi duenez. "Batzuetan iruditzen zaigu gu egoteak ez duela ezer errazten, oztopatu egiten duela baizik. Nire iritziz EH Bildu omenaldi batean egon dadin aurretik antolatzaileekin hitz egin behar da. Hori da egin duguna", adierazi du Otegik. Atentatu horrek ez zuela sekula gertatu behar ere esan du. "Gure egiten dugu Hipercorreko biktimen eta Kataluniako herriaren mina", gaineratu du. Iaz gisa bereko adierazpenak egin zituen, espetxetik atera ondoren Kataluniako Parlamentura bisita egin zuenean.

Auzitegi Nazionalaren zigorra

1987ko ekainaren 19 hartan, ETAk ordubete eta hamar minutu lehenago hiru dei egin zituen bonbaz ohartarazteko, Bartzelonako Udaltzaingora, saltokiko administraziora eta Avui egunkarira, baina enpresaren segurtasun zerbitzuak eta Poliziak ez zuten eraikina hustu.

Atentatu horren epaiketan lau lagun zigortu zituzten: Josefa Ernaga eta Txomin Troitiño egile izatea leporatuta, Rafael Caride sustatzaile izatea leporatuta eta Santi Arrospide ETAko buru izatea leporatuta. 790 eta 794 urte bitarteko zigorrak ezarri zizkieten. Horiez gain, ordea, egon zen beste zigor bat ere: Auzitegi Nazionalak 1994an Espainiako estatua zigortu zuen eraikina ez husteagatik. Bi urte geroago Epaitegi Gorenak berretsi egin zuen zigorra.

Auzitegi Nazionalak argudiatu zuen poliziek ez zutela ezer egin deiak jaso ondoren saltokira iritsi eta leherketa gertatu bitartean. Egin izan balute ondorioak gutxienez txikitu egingo zirela arrazoitzen du. "Ez gara esaten ari Poliziak egin zuena gaizki egin zuenik, baizik eta ez zuela egin ezer, eta hori interes komertzialei erantzunez", idatzi zuten epaian. Poliziak 15:28ean iritsi ziren Hipercorrera, eta bonba 16:08an lehertu zen. Poliziek ez zuten eraikina aztetu ere egin, segurtasun enpresako langileek egin zutela eta (lehergaiak antzemateko txakurrik eta materialik gabe).

Auzitegi Nazionalaren epaiari helegitea aurkeztu zion Espainiako Barne Ministerioak, baina Gorenak atzera bota zuen eta onartu zuen harreman zuzena dagoela segurtasun indarren jokabidearen eta atentatuaren ondorioen artean. Gorenak jaso zuen bere epaian poliziek ez zutela beharrezko ikusi eraikina hustea, mehatxu faltsua zelakoan, baina hori uste subjektiboa zela ebatzi zuen. Zehaztu zuen, gainera, eraikina ez husteaz gain, ez ziotela inori aparkalekuan sartzea debekatu, "ezta lehergaiak detektatzeko zerbitzua iritsi zenean ere".

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.