Ekitaldien aurkezpenean, Euskal Plataformako kide Juan Maria Zulaikak eta Bilboko Aste Nagusiko txupinera izandako Jone Artolak agiri bat irakurri dute, eta salatu dute frankismoaren biktimei emandako erantzuna "oso berandu" iristeaz gain "anbiguotasunez eta inkoherentziaz josia" izaten dela behin baino gehiagotan. "Egiaren eta memoriaren aldetik zerbait lortzen ari da talde memorialistei esker, baina ordainaren aldetik ezer gutxi egin da, eta justiziarenetik, hutsaren hurrengoa", esan dute.
Hilaren 16an, 19:00etan, ekitaldi bat egingo dute Atxurin, frankistak Bilbora sartu ziren lekutik gertu. Larunbatean, berriz, manifestazioa egingo dute, 18:00etan, Plaza Eliptikotik abiatuta.
Hilaren 18a omenaldien eguna izango da. 12:30ean elkarretaratzea egingo dute Artxanda mendian (Bilbo), gudarien omenez eraikitako La Huella izeneko oroitarriaren aurrean. Euskal Plataformak ez ezik, Bilboko Udalean ordezkaritza duten PP ez beste alderdi guztiek eta sindikatu guztiek ere egin dute hara joateko deia. Lehenago, baina, beste elkarretaratze bat egingo dute handik kilometro batera dagoen Egirleta gainean, han frankismoaren omenezko oroitarriak zutik dirauela gogorarazteko.