Goizeko 9:30 aldera hasi da ikusten fenomenoa Euskal Herrian, 11:00 aldera puntu gorenera heldu da, eta 12:30 aldera amaitu da. Ilargiak Eguzkiaren diskoaren zati handi bat estali du. Ilargia Eguzkia baino 400 aldiz txikiagoa da, eta Eguzkia satelitea baino 400 urrutiago dago Lurretik. Ondorioz, ortzian ia tamaina bera dutela ematen du. Eklipsea ez da inon izan erabatekoa, Ilargiaren itxurazko tamaina izarrarena baino txikiagoa delako egunotan. Izan ere, Lurrarekiko orbita eliptikoaren puntu urrun batean dago satelitea eta besteetan baino txikiago ematen du. Horrez gain, Lurra eta Ilargia Eguzkiarekiko orbitaren puntu hurbil batean daude, eta, horregatik, Eguzkiak ohi baino handiagoa ematen du.
Galiziatik Asiara Vigo (Galizia) eta Braga (Portugal) izan dira eraztun eklipsea ikusi duten lehen hiriak. Ondoren hego-ekialderantz egin du itzalak. Madrildik (Espainia) pasatu da eta Alcoyn (Herrialde Katalanak) aterako da Iberiako Penintsulatik. Ondoren, Aljerian sartuko da Afrikan, eta Sudango erdialdean izango du puntu gorena eraztun eklipseak: Ilargiaren diskoak Eguzkiarena baino %4,2 txikiagoa emango du. Asian ere ikusi ahalko dute fenomenoa. Bi eta lau minutu artean iraungo du eraztun eklipseak Europan. Izan ere, Ilargiaren abiada eta Lurraren errotazioa gehitu egingo dira, eta, ondorioz, itzala 1.700 kilometro orduko abiadan mugituko da planetaren azalaren gainetik.
Euskal Herrian eta Europaren zatirik handienean, Eguzkiaren %80 inguru estaliko du Ilargiak. Lainotuta egonda ere, asko ilundu duela igarriko da, eta ilunabarra emango du. Eraztun eklipsea aski maiz gertatzen da: mende hasieratik, laugarrena izango da gaurkoa. Edonola ere, oso leku gutxitan izaten dute aukera ikusteko. Euskal Herrian 2026. urtera arte ez da beste eklipserik ikusteko aukerarik izango.
Euskal Herriko hainbat zientzia elkartek ekitaldiak antolatu dituzte fenomenoa behatzeko. Hala nola Iruñeko planetariumak eta Donostiako Zientziaren KutxaGuneak.
Osasun erakundeek eguzkiari zuzenean begiratzea oso arriskutsua dela gogoratu dute. Izpiek erretina erre dezakete denbora laburrean, minik sortu gabe, hau da, ohartu gabe. Kalteak betirako dira. Eklipsea behatzeko, tresna eta iragazki homologatuak gomendatu dituzte. Betaurreko ilunak edo argazki negatiboak erabiltzea arriskutsua dela esan dute.
Eklipsea
Eklipsea ikusi da gaur goizean Euskal Herrian
Eguzki eklipse partziala ikusi da gaur goizean Euskal Herritik. Fenomenoa are interesgarriagoa izan da Galiziako, Espainiako, Herrialde Katalanetako eta Afrikako hainbat lekutan. Izan ere, eraztun eklipsea ikusi ahal izan dute iparretik hegoalderako eta mendebaldetik ekialderako zerrenda estu batean. Ilargiak Eguzkia estali du, baina agerian utzi du izarraren koroa. Eraztun itxura hartu du. Eklipseari begiratzeko begiak babesteko aholkatu dute adituek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu