Kantonamendu hauteskundeak. Elkarrizketa. Daniel Hegoburu. Europe Ecologie Berdeen hautagaia

«Ekologia politikoa erabat positiboa den elur bola bat da»

Baiona mendebaldean aurkeztuko da Hegoburu, ekologista guztiak biltzen dituen Europe Ecologie Berdeetako zerrendaburu.

JENOFA BERHOKOIRIGOIN.
Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2011ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Ingurumen arloan Kontseilu Nagusiak eraman lanaz oso kritiko da, eta Pauen gauzatu nahi lituzkeen proposamenak ekologia politikoaren ideologian oinarritzen ditu. Ipar Euskal Herriari dagokionez, Euskal Lurralde Elkargo baten alde da, eta euskararen erabilpena «akuilatzeko» politika baten alde da; «erradikala» ez litzatekeena, haatik.

Kontseilu Nagusiak eraman lanaz zer iritzi duzu?

Jakinez alderdi politiko ezberdinetakoak direla, harritzen nau ikusteak erabaki gehienak adostasun osoan hartuak direla. Politikan dituzten ezadostasunei buruz ari naiz galdeketan. Orokorki, Agenda 21 egitasmoari dagokionez, beranta ikaragarria dute.

Garapen iraunkorrari buruz eraman lanari begira, zein da ematen diozun nota?

Nota oso-oso apala da. Egitasmoak puntuz puntu hartuz, benetan negargarria da. Arlo sozialean kontratua betetzen dute, haien eskumenek ahalbidetzen dituztenak egiten dituztelako, nahiz urrunago joan daitezkeen oraino. Ingurumenaren arloan, haatik, ez; beranta ikaragarria da.

Europe Ecologie Berdeak aurkezten zarete; ez al zarete gehiago Berdeak alderdiaren izenean aurkeztuko?

Denbora eman dugu, baina ekologista guztien bateratzea lortu dugu eta orain hau da zerrenda bakarra. Ez da beste ekologistarik aurkezten kantonamenduetan, denak biltzen direlako Europe Ecologie Berdeen baitan. Espero dut ekologista guztiek eta ekologia politikoan sinesten duten guztiek nire hautagaitzan ezagutuko dutela beren burua.

Zure kantonamenduan Monique Larran-Lange sozialista nagusitu zen, baina 2008an zentrorantz egin zuen urratsa. Uste al duzu konfiantza galdurik, batzuek ezkerreko beste alderdi bati emango diotela boza?

Uste ez dakit, baina espero dut! Serioak bagara, beti ber mezua eta aldarrikapenak atxikitzen ditugu. Kontseiluan aulkiak lortzen baditugu, argi da erabakiak ez direla aho batez pasatuko, gutxienez abstentzioak izanen dira. Adibidez, AHTa eta horren finantzamenduari begira, gu aurka gara.

2004. urtean bozen %8 bildu zenituzten. Zenbat espero duzu aldi honetan?

Hautagai andana bada. Ezkerrari dagokionez, Alderdi Sozialista lehen agertuko da, baina espero dut bigarren izatea, eta emaitza onarekin, gainera. Garatu gara, arduratsu gara eta ohartzen gara hautetsiak ditugun erabaki guneetan gauzak aitzinarazten eta mugiarazten ditugula.

ABk EH Bairen hautua egin zueneanpena adierazi zenuten. Alta, Iholdin EH Bairi sostengua erakutsi diozue. Puntu komunei lehentasuna ematea posible da, beraz?

Ados gara. Beste batzuekin ere hitz egin dugu, Hazparnen EH Baik duen hautagaiarekin adibidez, eta uste dut gure hautagaia bezainbat gogaitua dela, ikusiz hainbat borroka elkarrekin eraman ditugula. Beste kantonamendu batzuetan ere bildu gara, baina EH Bairen eta Europe Ecologie Berdeen arteko benetako dinamika ekarriko zuen akordio politikorik ez dugu lortu. Dolu dut, zeren abertzaleen irekidura hau izan balitz, kantonamendu batzuk lortzen ahalko genituen, bigarren itzulian iritsiko ginelako, bigarren edo hirugarren kokatuz.

Zein da pasarazten duzuen mezua?

Energia oso inportantea den garai honetan, herritar guztiei sentiarazi nahi diegu hobeki gogoetatu eta antolatu garraio batekin eta etxeak hobeki isolatzen badira kontsumo gastuak gutxituko zaizkiela eta erosteko ahalmena igoko zaiela. Gainera, lanpostu mugiezinak sortuz, hori guztia lortzeko enplegua behar delako. Herri laborantza, tokikoa eta ekologista ere bultzatu nahi dugu, bertan ekoitzia eta banatua. Ekologia politikoa zentzu onaren berreskuratzea da: bertan ekoizten dugu, ama lurra errespetatuz, enplegua sortuz, garraio gutxirekin, eta kontsumitzaileek kalitatea kontsumitzen dute. Erabat positiboa den elur bola bat da. Aniztasun kulturalaren eta linguistikoaren eta Euskal Lurralde Elkargo baten alde gara ere.

Aniztasun linguistikoaren alde zarete. Euskara egoera txarrean da. Zein da euskarari begira proposatzen duzuen politika?

Politika lasaigarri bat behar dela uste dut. Ni, Hegoburu deitzen naiz, duela hiru belaunaldi ez ginen Euskal Herrian, nire hirugarren semeak euskara mintzo du, baina ez nuen ikastolan emateko kuraia ukan, elebidunean jarri nuen. Jendea lasaitu behar da. Nire ustez, elebitasuna eskola publikoan garatu behar da, eta ber heinean ikastolak ere garatu eta sostengatu behar dira. Dokumentu administratiboak itzuli behar dira euskarara ere. Zein heinetara arte joan behar dugu? Katalunian bezala, administrazioan lan egiteko elebidun izatea behartu behar ote dugu? Neurri erradikalak dira, akuilatzen al dugu, erradikalak izan gabe. Hizkuntza biziarazi behar dugu, baina hiztunak ez direnak baztertu gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.