Ingurumena

Ekologistak Martxan-ek lau bandera beltz banatu ditu Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldean

Bizkaian, Petronorrek jaso du kutsadurari dagokiona; Laida eta Lagako hondartzek, kudeaketa txarrari dagokiona. Gipuzkoan, Orion geratu dira bi banderak: Oribarzar hondartzako ur zikinak eta Munto inguruan eraiki nahi diren 200 etxebizitzak gaitzetsi dituzte.

Laidako hondartza, artxiboko argazian. BUSTURIAKO UDALA
Ibai Maruri Bilbao.
2016ko ekainaren 14a
07:22
Entzun

Ingurumenari dagokionez, euskal kostaldea "ongi samar" dagoela esan du Iban Ortuzar Ekologistak Martxan-eko kideak. Haren ustetan, erakunde publikoak kontzientzia hartzen ari dira. Baina oraindik konpondu beharreko eremuak aurkitu dituzte. Horregatik, horietatik lau aukeratu dituzte, eta bandera beltza eman diete. "Helburua da gizartea kontzientziatzea. Izan ere, ingurumena eta bereziki kostaldea ondo zaintzen ditugula pentsatzen dugu, baina errealitatea bestelakoa da". Ohartarazi du zenbait ekosistemaren etorkizuna "kolokan" dagoela.

ADEAC elkarteak berriki banatu dituen bandera urdinen kontrapuntu bezala, lau bandera beltz ipini dituzte Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldean. Herrialde bakoitzeko kutsadura kasu bat eta kudeaketa txarrari dagokion beste bat aukeratu dute. Bizkaian Petronorrek jaso du kutsadurarena. "Euskadi osoan gehien kutsatzen duen findegia da", argudiatu du erabakia. Laida eta Lagan 2015eko denboraleen kalteak konpontzeko egin den kudeaketa ere gaitzetsi dute. "Lau aukera egon dira, eta eraginkortasun txikiena duena eta garestiena aukeratu dute. Adabaki bat ipini dute, korronteen arazoa konpondu ordez".

Gipuzkoako bi banderak Orioko herriak jaso ditu. Batetik, Orizabar hondartzan bainatzea debekatuta dagoela gogorarazi du Ortuzarrek, "inguruko industriak zabortegi moduan erabiltzen duelako". 2008an ere bandera jaso zuen, arazo beragatik. Bigarren bandera Munto inguruan egin nahi dituzten 200 etxebizitzek jaso dute: "Epaile batek aurkako epaia eman arren eta urpean gera daitekeen eremua izan arren, egitasmoarekin aurrera jarraitzen dute".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.