«Kolapso ekologiko, sozial eta ekonomikoari» aurre egiteko hainbat proposamen bildu ditu Ekologistak Martxan taldeak Mugen amildegia oinez ibiltzea izeneko txostenean. Talde ekologistak euskaraz, gazteleraz eta katalanez argitaratu du txostena, eta komunitate zientifikoak azken hilabeteetan plazaratutako datuak batu ditu.
Mineral fosilen, uraren edota elikagaien eskuragarritasuna «bortizki» jaisten ari dela dio Ekologistak Martxan-ek, eta ohartarazi du ekosistemaren narriadura, biodibertsitatearen galera eta klima aldaketa «atzera-bueltarik gabeko egoeran» daudela. Egoera aldatzeko alternatibak sor ditzaketen sektoreak zeintzuk diren ere identifikatu ditu taldeak: ekonomia sozial eta solidarioa, ekonomia feminista eta ondasun komunak aipatu ditu, besteak beste. Horiek guztiek inpaktuak murrizten eta agertoki berrira egokitzen lagundu dezakete, talde ekologistaren arabera. Txostenean adierazten denez, «eraldaketa sakonak» eta «inoiz ez bezalako konpromiso politikoak» premiazkoak dira, kolapsoaren ondoriorik latzenei aurre egin nahi bazaie.