Ingurumena

Ekologistek salatu dute Arabako Diputazioak baimena emango duela otsoak hiltzeko

Ekologistak Martxan erakundearen arabera, Urkabustaizko kontzejuan ohar bat jaso dute, zeinean jartzen baitu otsoaren ehiza baimenduko dela; bi otso besterik ez dagoela esan dute.

Otsoa Karrantza aldean, artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
arantxa iraola
2019ko azaroaren 19a
14:20
Entzun

"Arduragabekeria argia" da Ekologistak Martxan erakundeko ordezkarien arabera, Arabako Foru Aldundiaren jokabidea. Herrialdean bi otso besterik ez dagoela esan dute, eta, hala ere, otsoak ehizatzeko baimena emango dela jakinaraziz ohar bat jaso dutela Urkabustaizko kontzejuan. Ekologistek eman duten informazioaren arabera, ehizarako modu jakin baterako baimena ematea da asmoa. Otsoaren "zain" egotea eskatzen du: animaliaren zain egoten dira ehiztariak gauean, eskopetarekin, eta, zenbaitetan, jakiak erabiltzen dituzte hura erakartzeko.

Ekologisten arabera, otsoa espezie mehatxatuen zerrendan sartzea aztertzen ari da Eusko Jaurlaritza, eta, horregatik, "kongruentziarik gabeko" erabakia izango litzateke animalia horiek ehizatzeko baimena ematea. Are gehiago, salatu dute aldundiak ere baduela txosten bat zeinean jartzen baitu aparteko interesa duen espeziea dela otsoa eta espezie mehatxatuen zerrendan sartu beharko litzatekeela.

Otsoak baimenarekin ehizatzeko era egon daitekeela ikusteak asaldatu ditu orain ekologistak, eta salatu dute azkenaldian ahalegin ugari izan direla animalia horiek akabatzeko. Adierazi dute Uzkiano inguruan jaki pozoituak erabili izan direla otsoak erakartzeko asmoz, bai eta otso bat legez kanpo ehizatu dutela ere. Salatu dute otsoak harrapatzeko lakirioak ere erabili direla. Arabako Ingurumen Fiskaltzara informazio horiekin guztiekin joateko asmoa dute orain ekologistek.

Euskal Herrian otsoak oso urriak dira gaur egun. Karrantza inguruan (Bizkaia) ibili zen otso talde bat orain dela urte batzuk, baina hil egin zuten.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.