Iazko urtean Hegoaldeko ekonomiaren egoera ona izan dela dio Euskadiko Kutxak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Barne Produktu Gordina %3,7 hazi zen eta Nafarroan berriz %3,2. Eurogunekoa baino hazkunde-tasa handiagoa izan da, beraz, eta balantze baikorra egin du aurrezki kutxak. Epe motzean hazkunde hori moteldu egingo dela aurreikusi dute ordea. Egoera egonkorra bada ere kezkek hor diraute: inflazioa, besteak beste.
Euskadiko Kutxak urtero egiten duen ekonomiari buruzko txostena aurkeztu zuen atzo. Euskadiko Kutxaren zuzendari nagusi Juan Jose Arrietak esan zuenez «hazkundearen oinarria barne eskaria izan da. Kontsumoaz gain, inbertsioak ere nabarmen gora egin du».
Industriari dagokionez, EAEn gora egin duen artean Nafarroan behera egin du. Industria arloko enpresek ekoizpenean eta irabazietan emaitza onak izan dituzte, baina lanaren inguruan dagoen jarrera ez da baikorra, industriako langileak gero eta gutxiago dira-eta. Azterketa departamenduko zuzendari Joseba Madariagaren esanetan, «litekeena da industriaren egoera hobetuz gero langileen kopurua igotzea».
Lehenengo sektorearen datuak ere eman ditu Euskadiko Kutxak. Nafarroan ez du gora-beherarik izan eta EAEn %5,8 igo da, 2004an baino apur batapalago. Zerbitzuei dagokienez, turismoa %6 igo da. Hezkuntzan matrikulak igo egin dira haur hezkuntzan eta lehen hezkuntzan. Bigarren hezkuntzan eta goi-mailakoan ostera, iaz baino ikasle guxiago dago.
Enpleguaren hazkundea BPGaren antzekoa izan zen EAEn, eta handiagoa Nafarroan. Langabezi-tasa %7,3 jaitsi da EAEn, eta zerbait igo da Nafarroan: orain %5,6koa da. Langabezia Euroguneko batez bestekoa (%9,2) baino txikiagoa da. Beherako joerak jarraitzea aurreikusten du Euskadiko Kutxak.
KEZKA ITURRIAK. Egonkortasunaren adierazle dira datu gehienak, baina ez da berdin gertatzen inflazioarekin. Hegoaldean KPIak %3,7ko igoera izan zuen. Euskadiko Kutxak inflazioa jaitsi egingo dela aurreikusten du, baina Europa baino puntu eta erdi gorago segituko du.
Tarte handi horrek enpresen lehiarkortasuna zailtzen du.Petrolioaren prezioaren gorakadak horretan duen eragina nabarmena da. Orokorrean, lehengaiak asko garestitu dira azken urtean. Ondorioz prezio industrialak ere igotzen ari dira, eta Madariagak aipatu duenez, litekeena da horrek inflazioa eragitea
Inflazio kontrolatzeko, Europako Banku Zentralak interes tasak %3,25eraino igoko dituela uste du.Horrek, besteak beste, eraikuntzan eragingo du. Azken urteotan asko hazi den sektorea da eta interes tasak igotzen jarraituz gero, jarduera moteldu egingo dela espero du aurrezki kutxak.
Lehengaien garestitzea industriako prezioetan eta inflazioan eragina izaten ari dela dio Euskadiko Kutxak
Ekonomia egonkor egon arren, petrolioak eta inflazioak kezkatzen du Euskadiko Kutxa
Prezioen garestitzearen ondorioz, EBZk aurten interes tasak %3,25eraino igoko dituela aurreikusi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu