Ekonomiaren martxa «oso egokia» izan zela nabarmendu zuen Idoia Zenarrutzabeitia Jaurlaritzako lehendakariorde eta Ogasun sailburuak, joan den urteko datu nagusiak azaltzeko egin zuen agerraldian. EAEko hazkunde eredua, haren aburuz, «iraunkorra eta orekatua» da, eta hala izatea espero dute aurrerantzean ere. Horren haritik, hamahiru urtez jarraian ekonomia hazi egin dela azpimarratu zuen Zenarrutzabeitiak.
Urteak aurrera egin ahala, susperraldia bizkortu zen, eta hasierako aurreikuspen guztiak gainditu ziren. Hasierako %3,6ko hazkunde iragarpena %3,9ra igo zen apirilean, eta %4,1era irailean. Bata nahiz bestea gainditu zituen. Inguruko ekonomien egoerak emaitza horiek lagundu ditu. Esaterako, Alemaniak urteko bigarren seihilekoan aurrera egin izana oso lagungarrian izan zen, EAEko esportazioetarako merkatu oso garrantzitsua delako. Kontuan hartu behar da esportazioen %68 Europako Batasunera egiten dela.
Sektoreen arabera, industriaren «bultzada indartsua» nabarmendu zuen lehendakariordeak. Hazkundearen «motorea» industria izan zela ziurtatu zuen, %4,8ko hazkundea izanik. Halaber, eraikuntzak ohiko erritmoari eutsi zion, %5etik gora, nahiz eta aurreko urtekoa baino igoera txikiagoa izan.
22.000 LANPOSTU. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomiak enplegua sortzen jarraitu zuen. Jaurlaritzaren kalkuluen arabera, 22.000 lanpostu garbi sortu ziren joan den urtean, 60 baino gehiago egunero. Urteko batez besteko langabezia, berriz, «maila teknikoan edo enplegu osoan» kokatu zen, %5eko portzentaiaren azpitik. Aurten hamarren bat igotzea espero bada ere, maila horri eustea espero du gobernuak.
Enpleguaren egonkortasuna eta kalitatea hobetzeko pausoak eman direla uste dute Jaurlaritzako ekonomia arduradunek. Esaterako, aldi baterako kontratua duten langileen kopurua %29,4 izatera jaitsi da. Uztailean lan erreforma indarrean sartu zenetik eta azaroa bitartean, hain zuzen ere, kontratu mugagabeak aurreko urtean baino %81 gehiago izan ziren. Zenarrutzabeitiak zehaztu zuenez, epe horretan daturik esanguratsuena finko bihurtu ziren aldi baterako kontratuen igoera izan zen: %149 gehiago.
Okupazio tasa - 954.000 lagun batez beste urte osoan - «marka» izan zen, eta batez ere emakumeen laneratzeari zor zaio. «Duela hamar urte, 1998an, emakumeen eta gizonen arteko langabeziaren aldea 15 puntukoa zen, eta gaur egun ez da puntu batera iristen», argudiatu zuen Zenarrutzabeitiak. Gainera, enpleguaren hazkundea produktibitatearen igoerarekin «bateragarria» izan zen. Atal hori %1,9 igo zen, azken urteotako garapenik onena.
Aurtengo aurreikuspen apalagoa azaltzeko, nazioartean espero den makalaldia aipatu zuen Zenarruzabeitia lehendakariordeak. Enpleguak eta produktibitateak ondo segitzea espero dute, eta arazo nagusia barne eskaera izango da.
Interes tasak handitu izana eta urtearen joanean izan daitezkeen beste igoerek kontsumo pribatuari ala inbertsioari kalte egingo diotela uste du Jaurlaritzak.
Zenbakia
%149
Kontratazioen aldaketa. Uztailean lan erreforma indarrean sartu zenetik, kontratu mugagabeen kopurua %81 handitu zen azaroa bitarte.Finkoak. Mugagabe bihurtu ziren aldi baterako kontratuak %149 gehitu ziren.