komunikabideak

EKTk zerbitzuen atala indartuko du, diru iturriak handituz krisiari aurre egiteko

Gaur egin du Euskarazko Komunikazio Taldeak akziodunen urteko batzarra. Banaketa, administrazio, hizkuntza eta diseinuko lanak ugarituko ditu EKTk. Jaurlaritzari eta foru aldundiei diru laguntza politika aldatzeko eskatu die. Hedabideei buruzko gogoeta bukatzear du, halaber.

2010eko ekainaren 5a
20:39
Entzun
Euskarazko Komunikazio Taldea (EKT) ere bi krisik jotzen dute azkenaldian: krisi ekonomikoak eta prentsa arloko krisiak. Horrek denak eragina izan du taldearen iazko kontuetan, galerarekin bukatu zuelako urtea: 247.128 eurokoarekin. 2010eko orain arteko emaitza ere negatiboa du. “2009ko batzarreko kezka berarekin jarraitzen dugu, gauzak ez daude-eta batere samurrak: krisi ekonomikoaren amaiera ez da ikusten, eta hedabideetako aldaketa handia izan arren, oraingoz inork ez du asmatu etorkizuna nola diseinatu-”, esan du gaur Joxean Lizarribar EKTko Administrazio Kontseiluko lehendakariak akziodunen urteko batzarrean Andoainen, Martin Ugalde Kultur Parkean.



BERRIA egunkariaren kasuan diru sarrerak beheraka doaz -salmentak eta, batik bat, publizitatea-. Interneten, berriz, hedabideek ez dute topatzen bideragarritasun ekonomikorako aukerarik. “Horregatik, fakturazioa eta negozioa hobetzeko, indarrak zerbitzuen atala indartzera bideratu behar dira”, Lizarribarrek azpimarratu duenez.

EKT zerbitzuen atal hori jorratzen eta zabaltzen ari da Etxeraino banaketa enpresaren, Jarduna administrazio taldearen, eta hizkuntza eta diseinu zerbitzuen bidez. Gainera, 2009 bukaeran euskalherrikoplaza.com sortu zuen, jendeak Euskal Herriko kalitatezko produktuak Internetetik erosteko.

Horretaz gain, taldea bideragarriagoa bihurtzeko eta eskaintza hobetzeko asmoz, EKTk gogoeta abiatu zuen iaz eta laster amaitu nahi du. Azken batean, BERRIA, Berria.info eta Hitza egunkari lokalak elkarren artean gehiago uztartu eta elikatu gura ditu, baliabideak optimizatuta.

Akziodunek ontzat jo dituzte iazko kontuak eta 2010eko kudeaketa plana.

Diru laguntza politika aldatzeko eskaera

Instituzioetako diru laguntza publikoen politika ere kezkagarria dela deritzo EKTk, eta aldaketak eskatu ditu, arlo horretan “politika negargarria” egiten dutelako euskarazko komunikazioaren esparruari begira, “abertzale direnek barne”. Adibidez, “euskara eta euskal kulturaren ardatzetako bat den eta ia 400 langile dituen komunikazio talde hau ez dute lehentasunezko. Urtetik urtera autofinantzaketan pausoak emateko gai garen arren, Eusko Jaurlaritzaren eta foru aldundien aldetik ez dago ez EKT, ez sektorea indartzeko biderik”.

EKTko ustiapen kontuan diru laguntzen pisua %14,8koa baino ez da. “Beste nonbait dituzte lehentasunak, argi dago, baina oker dabiltza”, esan du Lizarribar taldeko lehendakariak gaur, akziodunen aurrean, “eta dei egiten diegu, benetan herri honetan sinesten badute, herriaren izaera markatzen duten ezaugarri nagusi horietan inberti dezaten”.

Nahiz eta 2009a galerarekin bukatu, Joanmari Larrarte EKTko kontseilari ordezkariak jakinarazi du taldeak 7.121.882 euroko balantzea daukala, aurreko urteetan egindako lanagatik eta akziodunek sorreran egindako ekarpenagatik. Haietatik 4.740.050 euro kapitalean daude bilduta.

Administrazio Kontseiluak aurten ere eskerrak eman dizkie taldeko langile guztiei, "proiektuari eusteko egiten ari diren ahaleginagatik", baita akziodunei, irakurleei eta iragarleei ere, “euskararentzat eta Euskal Herriarentzat estrategikoa den proiektu honetan sinesteagatik eta lagun izateagatik".

Zazpi urte bete ditu EKTk

2003ko apirilean sortu zen Euskarazko Komunikazio Taldea, Espainiako Auzitegi Nazionalak Euskaldunon Egunkaria itxi ondoren. 24.000 akziodunetik gora dauzka, eta BERRIA egunkaria, BERRIA.INFO webgunea, Iragarri agentzia komertziala, Etxeraino banaketa enpresa, Jarduna administrazio enpresa eta Bertako Hedabideak herri informazio enpresa hartzen ditu. 2009 bukaeran Badok.info musika webgunea eta BERRIA Fundazioa sortu zituen.

EKTk beste egitasmo batzuetan ere hartzen du parte, eragileekin elkarlanean: Hitza herri informazioan, iragarkilaburrak.com-en, Hamaika Telebistan, Nora bidaia aldizkarian, Bidasoa inpresio zentroan…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.