Komunikabideak

'El Jueves'-ek dio "adierazpen askatasunaren muga esploratzea" dela bere lana

Aldizkari satirikoko arduradunak harrituta daude Del Olmo epaileak azken zenbakiaren ale denak erretiratzeko hartutako erabakiarekin. "Aitor dezakegu inoiz gaindi dezakegula adierazpen askatasunaren muga. Horrelakoa da gure lana. Eta gainditzen badugu, horretarako daude auzitegiak. Baina 2007an bahiketa egitea?". Gaiari "umorearekin" erantzungo diote hurrengo astean.

2007ko uztailaren 21a
18:33
Entzun
El Jueves aldizkari satirikoko arduradunak harrituta geratu dira Juan del Olmo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Espainiako erret familia iraindu dutelakoan atzo azken zenbakiaren ale denak erretiratzeko hartutako erabakiarekin. "Izan ere, aurrez ehunka marrazki atera izan ditugulako [Espainiako] erret familiaz (eta politikoez, ospetsuez, ETAz eta mugitzen den gauza denez). Tocando los borbones liburua ere argitaratu izan dugu, marrazki dibertigarrienak dakartzan 350 orrialdekoa".

Euren webean oharra jarri dute. Hain zuzen, eljueves.es atzo arratsaldetik gaur eguerdira arte ezin zen zabaldu; orain bai.

El Jueves-ekoen ustez, "adierazpen askatasunaren muga esploratzea" da euren lana. "Hori da gure eginbeharra, irakurleek eskatzen digutena. Aitor dezakegu inoiz gaindi dezakegula adierazpen askatasunaren muga. Horrelakoa da gure lana, umore grafikoa lantzen dugunona. Eta gainditzen badugu, horretarako daude auzitegiak. Baina bahiketa egitea? Polizia herrialde osoko kioskoetara joaten gure aldizkaria erretitatzera? Benetan 2007ko uztailean ari garela hau idazten?".

Euskal Herrian, ertzainak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kiosko, liburudenda eta abarretatik pasatzen ari dira, aldizkaria erretiratzeko. Gauza bera ari da egiten Nafarroan Espainiako Polizia. Kioskoetan-eta, ordea, aleak dagoeneko salduta dituzte, oihartzunagatik batik bat.

Del Olmoren erabakiak izan duen oihartzuna dela-eta, erredakzioa komunikabidez "beteta" dutela diote El Jueves-ekoek, "aldizkariaren bahiketaz galdezka".

Albert Monteys zuzendariak esan du "bahiketaren gaiari umorearekin" erantzungo diotela hurrengo asteko zenbakian. "Hori da egiten dakigun bakarra". Espainiako Polizia atzo arratsaldeko sei eta erdietan joan zen haien egoitzara, Bartzelonara, "karikatutaren moldea" bahitzera eta marrazkiaren egilea identifikatzera. "Moldea? Orain dena Internetez egiten da", dio Monteysek.

Duela 30 urte sortu zuten aldizkaria eta, aipatutakoarekin, 1.573 zenbaki argitaratu dituzte. Astekaria da eta asteazkenetan jartzen dituzte aleak salgai. 70.000 aleko tirada eta 450.000 irakurle dituztela diote beraiek.

Espainiako Zigor Kodearen 490.3 eta 491 artikuluen arabera, erret familiari irain egiteagatik bi urtera arteko kartzela zigorra ezar dezakete epaileek.

Hain zuzen, El Jueves-ek Asturiasko printze-printzesei egiten die irain, Del Olmok uste duenez, amodioa egiten ageri direla-eta. Espainiako Gobernuak ume jaioberri bakoitzeko emango duen 2.500 euroko laguntza da marrazkiaren gaia, eta testua, printzearen karikaturak esana: "Ohartzen al zara? Haurdun geratzen bazara, hau izango da nik egindako gauza guztien artean lan egitearekin antz handiena duena!”.

ERC alderdiak Espainiako erret familiari El Jueves-ekiko elkartasuna adieraz dezala eskatu dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.