Jesuiten hilketa

El Salvadorko auzitegiek berriz zabaldu dute jesuiten hilketaren auzia

1989an, El Salvadorren, Ignacio Ellakuria jesuita eta beste zazpi zibil hil zituzten. 2015ean, auziak "gizateriaren aurkako krimen" izaera zuela ebatzi zuen Gorenak.

Ignacio Ellakuria eta haren kideak oroitzeko oroigarri bat. ROBERTO ESCOBAR, EFE
arantxa elizegi egilegor
2018ko apirilaren 18a
13:00
Entzun

Duela bi urte, El Salvadorko Auzitegi Gorenak bertan behera utzi zuen 1993an onartutako Amnistia Legea, eta horri esker berriz zabaldu ahal izan da Ignacio Ellakuriaren eta beste zazpi zibilen hilketaren auzia. Hiriburuko Hirugarren Bake Epaitegiak eman du agindua, fiskaltzaren eskaria entzun ostean.

Arnau Baulenas abokatuak azaldu duenez, epaileak eskatu dio fiskaltzari salaketa aurkez dezala lehen saioa egin ahal izateko: "Lehen eskaera aurkeztu ondoren hasiko da lehen auzi saioa". Baulenasen arabera, epaileak indargabetu egin du sei militar eta Alfredo Cristiani presidente ohiaren aurkako auzia artxibatzeko 2000. urtean hartu zen erabakia.

Fiskaltzak iaz aurkeztu zuen hilketen "egile intelektualen" aurkako auzia berriz zabaltzeko eskaera. Defentsak, ordea, aurka egin zuen, esanez kasua epaitua zegoela eta ez zegoela "auzia zabaltzeko ekintzarik". Epaileak atzera bota ditu defentsaren argudioak.

1989ko azaroaren 16an gertatu zen: Atlacalt batailoiko kideak Erdialdeko Amerikako Unibertsitatera sartu ziren, eta sei apaiz jesuita, Julia Elba langilea eta haren alaba Celina hil zituzten. Unibertsitate hartako errektorea zen Ellakuria, Askatasunaren Teologiaren ideologo garrantzitsuenetakoa. Bi militarri 30 urteko kartzela zigorra ezarri zieten El Salvadorko auzitegiek hilketez akusatua. Iaz, berriz, Espainiako Auzitegi Nazionalak eskatuta, Defentsa ministrorde Inocente Montano estraditatu zuen El Salvadorrek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.