Borroka armatua amaitu eta eragindako mina aitortu ostean, heldu da ETAren amaiera. ELAren iritziz "lagungarri" izango dena bizikidetza eraikitzeko garaian. "Maiz borroka herritarretan zilegi ez zen injerentzia izan da, gure herriaren bizitza sozial eta politikoa era larrian baldintzatzen zuelarik". Orain, hura amaituta biktimak izan ditu gogoan sindikatuak.
Baina ETAren aurkako borrokaren aitzakian hildakoak ere gogoratu ditu ELAk: "Bestalde, ez ditugu ahazten talde paramilitarrek eta segurtasun indarrek hainbeste aldiz urratu zituzten giza eskubideak; kasu hauetako gehienetan oraindik ez da zigorrik ezarri, esaterako Zabaltzaren kasuan". Horiei eta aurrez aipatutakoei lotuta, erreparazioa eskatu dute eta gehiegikeriekin zerikusia izan duten erakundeak erreformatzea.
Bide beretik, presoen egoerari irtenbide bat emateko ere eskatu du ELAk komunikatuan, hurrun daudenak gerturatuz eta gaixo daudenak aske utziz. "Espetxeko lehen graduaren erabilpen orokor eta justifikatu gabea bertan behera utzi behar da".
LAB, gizarte zibiliaren inplikazio eske
Behin ziklo historiko bat itxita, "herritar gisa dagozkigun eskubide guztiak bermatuko dituen jendartea eraikitzeko momentua" da, LAB sindiaktuaren arabera. Azpimarratu du orain Euskal Herrian urteetan bizi izandako gatazka politiko eta armatuaren ondorioak gainditzea falta dela, "eta horretarako ere gizarte zibilaren inplikazioa beharrezkoa izango da".
LABen iritziz, bi izan dira ziklo amaiera ekarri duten ezaugarri erabakigarriak: aldebakarrekotasuna eta gizarte zibilaren inplikazioa. Eta uste du inplikazioa eta konpromisoa beharrezkoak direla "gaur gaurkoz geratzen den giza eskubideen urraketa nagusiarekin amaitzeko, euskal preso, deportatu eta iheslarien egorari dagokiona, alegia".