Eusko Jaurlaritzak gero eta gutxiago gastatzen du osasun zerbitzu publikoetan. Bai ospitaleetako zerbitzuan (sistema publikoarekin hitzarmenak dituzten ospitale pribatuetako zerbitzuak ere aintzat hartuta), bai ospitaleetatik kanpoko zerbitzuetan. Berez, gastatu, gero eta diru gehiago gastatzen du, baina gastu horrek EAEko Barne Produktu Gordinean (BPG) duen portzentajea gero eta txikiagoa da.
Adibide bat: Eusko Jaurlaritzak 791,55 milioi euro gastatu zituen 1994ean ospitale zerbitzu publikoetan, orduko BPGren %3,08; 1.227,25 milioi euro gastatu zituen, berriz, 2002an, BPGren %2,73. 2002an 1994ko BPGren portzentaia bera gastatuko balu (%3,08), Eusko Jaurlaritzak gastatu zituenak baino 160,72 milioi euro gastatu beharko zituzkeen ospitaleetako zerbitzu publikoetan.Euzko Langileen Alkartasuna (ELA) sindikatuak egin ditu kalkuluak eta azterketa batean bildu ditu, EAEko osasun sistema publikoaren «argazkia» ateratzeko asmoz. Mikel Noval ELAko Azterketa Bulegoko arduradunaren esanetan, «Administrazioak EAEko osasun sistema publikoan gastatzen duenaren jaitsiera ikusgarria da».Igo egin dira, aldiz, larrialdiak, operazioak, kontsultak eta ospitaleen betetze indizea. Baita horiei aurre egiteko ospitaleetako eta ospitaleetatik kanpoko osasun zerbitzu publikoko langileen kopurua ere. Kopuru hori, ordea, «txikiegia» da, Novalen iritziz: «Ez da nahikoa dagoen lanari behar bezala erantzuteko, langileek gero eta lan gehiago baitute».Izaskun Garikano, ELAko Osasun Publikoko arduradunak salatu duenez, gastuen murrizketak zuzenean eragiten dio sistemaren kalitateari. Bere esanetan, hauek dira gastuen murrizketak eragiten dituen hutsuneetako batzuk: ohe kopuru eskasa; eguneko zentro gutxiegi; erantzun gabeko premiak (buruko eta aho-hortzetako osasuna, zahartzaroko gaixotasunak); lehen arretarako zerbitzuen baliabide falta; kirofanoak eta beste azpiegitura batzuk gutxiegi erabiltzea; osasungintza pribatuarekin lotura «arriskutsuak»; langileen motibazio falta...Garikanok azpimarratu duenez, hutsune horietako batzuek «nabarmen txartu» dituzte EAEko osasun sistema publikoko langileen lan baldintzak: «Gero eta lan gehiago dute; langileak falta dira; langileak gero eta zaharragoak dira (langileen ia erdiak 49 urte baino gehiago ditu); langileen nekea eta frustrazioa handitzen da; eta soldatak prezioak baino gutxiago igotzen dira».
Gaixotik bezerora
EAEko osasun sistema publikoko behin-behineko kontratuen kopurua nabarmendu du Garikanok: 2003an 106.000 izan ziren, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egin ziren behin behineko kontratu guztien %16 (osasun sistema publikoko langileak EAEko langile guztien %3,7 dira).
Ez hori bakarrik. Batzuetan langileen opor edo hutsuneak betetzeko ez direla ordezkoak jartzen salatu du Garikanok. Kontratu programen sistemaren bidez osasun sistema publikoko unitate bakoitza da unitate horren kudeaketaren arduradun eta erantzule: «Ondorioz, langileek erabakiak hartu behar dituzte diru kontuei eta langileei buruz. Batzuetan, unitatearen kudeaketa txukun mantentzeko, ez dira hutsuneak langileekin ordezkatzen eta daudenen artean banatzen dute lana».EAEko osasun sistemaren filosofia aldatu egin da ELAren iritziz. Sistemaren oinarria gaixoa izatetik bezeroa izatera pasa duela uste du. Garikanoren esanetan, «plangintza estrategikoen norabidea aldatu dute eta kudeaketa eraginkorra da helburua». Osasun agintariek langileei inplikatzeko eskatu diete, bat egin dezatela eta identifika daitezela zerbitzu eta eraginkortasun baloreekin. «Baina», Garikanoren esanetan, «trukean ezer eskaini gabe eta langileak planen ardatzean jarri gabe».
Europan, azkenak
Mikel Novalek Eusko Jaurlaritzaren «politika neoliberalari» egotzi dio baliabide falta: «Aurrekontuen politika neoliberala da eta hori arlo guztietan islatzen da, baita osasun zerbitzuetan ere. Erabaki politikoa da».
Izan ere, ELAk 2002ko EAEko osasun zerbitzu publikoetako gastua konparatu egin du Nafarroakoarekin eta Europako Batasuneko herrialdeetakoarekin (2002an osatzen zutenekin). Konparaketan EAE eta Nafarroa dira azkenak: BPGren %4,3a eta %4,9a gastatu zuten, hurrenez hurren. Aurretik dituzte, besteak beste, Grezia (%5,03), Espainia (%5,43), Italia (%6,43), Portugal (%6,56), Frantzia (%7,37) eta Alemania (%8,56).
OSASUNA
ELA: «EAEko osasun arloko gastu publikoa oso nabarmen jaitsi da»
Inbertsio faltak zerbitzuaren kalitatea eta lan baldintzak txartu dituela salatu du sindikatuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu