Politika

ELA: "Espainiak ezin dio euskal gatazkari bide politikoetatik heldu"

Legez kanporatzeak salatzeko 500 lagun bildu dira Bilbon Espainiako Gobernuaren egoitzaren aurrean egindako elkarretaratzean. Euskal Herrian "salbuespen demokratikoa" bizi dela esan du Jose Elorrietak.

2008ko irailaren 24a
13:50
Entzun
EHAK eta EAE-ANVren jardunak legez kanpo uzteko erabakiaren aurka protestatzeko elkarretaratzea egin du gaur ELAk Bilbon, Espainiako Gobernuak duen egoitzaren aurrean, eta 500 bat lagun bildu dira, Abertzaleak eta langileak garelako, ez gaude ados. Ilegalizaziorik ez! lelo hartuta. "Erabaki horiek guztiek argiro erakutsi digute Espainiako Estatuak ezin diola euskal gatazkari heldu, bide politikoetatik, behintzat; eta, beraz, gero eta sinestuago gaude Estatuak nekez eskain dezakeela irtenbide demokratikorik", dio sindikatuak.



ELAren iritziz, Espainiako Auzitegi Gorenak legez kanporatzeez hartutako erabakiak estaldura judiziala eman dio Gobernuaren aldez aurreko erabakiari; "hau da, askatasunen alde eta terrorismoaren aurka delako estatu ituna betez harturiko erabakiari".

"Bereziki parte-hartze politikorako eskubidea murriztea helburu" duelako salatu izan du sindikatuak Espainiako Alderdien Legea. "Halaber, bistakoa da hauteskundeei begira egindako kalkulu baten arabera burutu dela ilegalizazio prozesu hori". ELAk Alderdien Legea indargabetzeko eskatu du berriro.

Legez kanporatzeak salatzeaz gain, ETAri bide armatua utz dezala exijitu dio.

Elkarretaratzea amaitzean Euskal Herrian "salbuespen demokratikoa" bizi dela salatu du Jose Elorrieta ELAko idazkari nagusiak, eta Espainiako Estatuak, gobernua edozein dela ere, prozesu subiranistaren kontra egiteko erabiltzen duela "terrorismoaren kontrako politika". "Lizarraz geroztik Estatuari kezka gutxiago sortzen dio ETAk orduan abiarazitako burujabetzaren aldeko prozesu zibilak baino", azpimarratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.