ELA eta LAB, Gipuzkoako adinekoen zentroetako lan itunaren aurka

UGTk eta CCOOk ituna«gutxiengoan» izenpetu dutela salatu dute sindikatuek, eta protestarako prest dira

Erredakzioa
Donostia
2010eko azaroaren 6a
00:00
Entzun
UGTk eta CCOOk lan ituna izenpetu dute Gipuzkoan adinekoen zentroak kudeatzen dituzten enpresekin. 4.000 langile ingururen lan baldintzak zehazten ditu hitzarmen horrek, eta, sindikatu bien aburuz, «aurrera urratsak» dakartza; nola soldatetan, hala bestelako lan baldintzetan onurak nabarmenak izango direla diote. ELAk eta LABek, ordea, «gutxiengoan» izenpetutako akordioa dela salatu dute, eta protestak iragarri dituzte. «Sinadura honek ez du konponduko sektorean sortutako gatazka». Sindikatu izenpetzaileek soilik langileen %21 ordezkatzen dutela adierazi dute.

Akordioa lortzeko bultzatu den prozesuarekin kritiko azaldu dira sindikatu abertzaleak. «Iluna» izan dela diote. Astelehenean Donostian egingo duten agerraldian iragarriko dituzte itun honen aurka arbuioa erakusteko egin asmo dituzten mobilizazioak.

Onurak

UGT sindikatuak ohar bat plazaratu du kritikei aurre egiteko. ELA eta LABen postura irmo gaitzetsi du, sindikatu biak «iruzurrean eta irainean» oinarritzen direla argudiatuz. «Beraien porrota eskaintzeko deus ere ez izatea da, ez dago beste ezer ere», aditzera eman du. «ELAk eta LABek ez dute lan arauetan inolako eraginik, besteen lanari baino ez diote ateratzen etekina». Horregatik, sindikatu abertzaleen kritikei kasurik ez dietela egingo esandu UGTk.

UGTren arabera, gainera, lan itun izenpetu berriak, egoera ekonomikoa aski zaila bada ere, onura nabarmenak ekarriko dizkie langileei. 2009-2010 urteetarako %2,9 eta %3ko soldata igoerak erdietsi dituztela esan du, eta 2011. eta 2012. urteetarako %4ko igoera segurtatu dutela. «ELAk eta LABek aurten izenpetutako itun gutxik lortu dute horrelako igoerarik». Asteburuko librantzetan eta beste hainbat lan baldintzetan ere lan itunak onura nabarmenak ekarriko dituela ohartarazi du UGTk. Akordio hau lortu ezean, sektorea lan itunik gabe gera zitekeela azaldu du, eta aurrera urratsa izan dela lortzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.