ELA, LAB, EILAS, EHNE eta Hiruren oharra

2011ko martxoaren 14a
13:20
Entzun

"Euskal gehiengo sindikala osatzen dugun sindikatuok alderdien legea indargabetzea exijitu izan dugu bera onartu zen unetik, eta sarri arbuiatu izan ditugu jendaurrean lege horren zein 2001eko abenduko itun antiterroristaren baitan sigla politiko eta hautes-plataformak legez kanpo jartzeko prozesuak.

Alderdien Legea berariaz sortu zuten ideia jakin batzuk defenditzen dituzten herritarren kriminalizazio kolektiboa eragin eta euskal gizartearen adierazpide politiko bat ezabatzeko/anulatzeko. Lege hau salbuespen-estatu bati dagokio, eta zuzenbide-estatu demokratiko batean ez dauka tokirik.

Espainiar estatuan eztabaida piztu da Sortu alderdi politikoa eratu eta berau erregistratzeko eskaria dela-eta; horrek areago utzi du agerian lege hura zenbateraino den salbuespenezkoa.

Euskal gehiengo sindikalak gaitzetsi egiten ditu ikusten ari garen diskurtso eta maniobra politikoak: estatuak berak alderdi bat legeztatzeko beharrezko eta nahikotzat ezarri zituen baldintzak orain anekdota bihurtu dira. Horrek esan nahi du eurentzat, benetan, berdin dela Sortuk legea betetzea ala ez.

Nahikotasunaren eztabaida faltsuarekin PSOEren eta PPren interes ilun batzuk, politikoak eta hauteskundeen ingurukoak, ezkutatu nahi dituzte. Honek berriro uzten du agerian estatuko alderdi hegemonikoen kalitate demokratiko eskasa, botere judiziala beren esanetara jarri nahia.

Sortu legalizatzea herri honetako gehiengo politiko, sindikal eta sozialaren exijentzia da. Baina hori baino areago besterik gabe eskubide eta betebehar demokratiko bat da, hain zuzen adierazpide politikorik gabe dagoen euskal gizartearen sektore horrekiko.

Ezin da esan hau herri normalizatuta dagoenik bertoko joera politiko batek, bakarra izanagatik ere, hauteskundeetan berdintasun baldintzetan parte hartzeko, ez erakundeetan parte hartzeko aukera bermatuta ez duen artean. Ilegalizatutako ezker abertzalea lehenbailehen itzuli behar da bizitza politiko eta instituzionalera.

Sortu legeztatu egin behar dute erakundeetan (udalak, diputazioak, parlamentuak) lege eta jurisprudentzia injustu bat aplikatuta eragin den egoera antidemokratikoa bideratze aldera. Hartara, amaitu egin behar du gainontzeko indarrek daukaten ordezkaritza handitua/hanpatua, zeinak herriak adierazitako borondatea desitxuratu egiten baitu.

Hori guztia dela-eta, gehiengo sindikalak espainiar Estatuari eskatzen dio gehiago atzeratu gabe Sortu legezta dezala".

ELA, LAB, EILAS, EHNE eta Hiru

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.