Aberri Eguna

ELA: "Nazionalismo instituzionalaren xede bakarra boterea kudeatzea da"

Aberri Eguna dela-eta atera duen agirian, sindikatuak kritikatu egin ditu boterean dauden alderdi abertzaleak, "batik bat, EAJ". Gatazka politikoaren "mamia, erabaki eskubidearen ukapenean datza" eta, "mugimendu abertzaleak gero eta indar handiagoa hartzeko", ETAri armak behin betiko uztea eskatu dio.

2007ko martxoaren 29a
15:57
Entzun
ELA sindikatuak, Aberri Eguna dela-eta atera duen agirian, kritikatu egin du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan alderdi abertzaleek –“batik bat, EAJk”- daramaten politika. Izan ere, “nazionalismo instituzional honen jardunak funtsezko urratsak emateko balio izan badu ere, egun bere xede bakarra boterea kudeatzea dela ikusten dugu: nazionalismo asebete honek ez du, batetik, [Espainiako] estatuarekin talka politikorik nahi, eta talde ekonomikoen interes eta eskarietatik hurbil dagoen bezala, oso urrun dago sektore xeheen beharrizan eta asmoetatik”.

Gizartean “desberdintasuna gero eta handiagoa” dela uste du ELAk, jendeak etxebizitza bat lortu ahal izateko “egundoko zorretan” sartu behar duela, “zerbitzuak pribatizatu eta diru-sarrera handienak dituztenei zergak murrizten dizkiete”… Agintari nazionalistek, "behar dutenean", "Espainiako alderdi nagusiekin eta botere ekonomikoekin bat” egiten dutela dio, “gobernu koalizioak ere alde batera utzita”.

Sindikatuaren ustez, gobernu “estilo” horrek egitasmo abertzaleari “kalte handia egiten dio”.

Euskal Herriaren “nortasuna, eta nortasun hau defenditu eta garatzeko borondatea berretsi” du ELAk agirian, eta erabaki eskubidearen beharra aldarrikatu. “Eskubide horren ukapenean datza euskal gatazka politikoaren mamia”.

Hego Euskal Herriko bi erkidegoak “estatuko botereen kontrolpean eta hauek ezarritako mugen baitan” daude, eta, erkidego haien artean, “Nafarroan erregimen autonomikoaren kudeaketa nortasun kolektibo eta praxi politiko antieuskalduna ezartzeko baliatu dute”.

Frantziako instituzioek, berriz, “ez dituzte Ipar Euskal Herriko lurraldeak aintzat hartzen”, eta “komunitate gisa bizirauteko eta garatzeko behar dituzten funtsezko bitarteko eta baliabideak ukatu egiten dituzte”.

ELAk ETAren borroka armatua bukatzea ere beharrekotzat jo du Aberri Eguneko agirian, “bortxaren estrategiak gizartea zatikatu eta puskatu” egiten duelako, “eta ezin da jendea erakartzeko estrategiarekin bateratu“. ETAri armak behin betiko uztea eskatu dio; besteak beste, "mugimendu abertzaleak gero eta indar handiagoa hartzeko". Sindikatuak esan du Batasunaren ordezkarien hitz eta proposamenetan egoera berri baterantz daramaten “sakoneko mugimenduak aditu” nahi dituela.

Abertzaleen batasuna ere behar dela iritzi dio baina, arlo sindikalean, “abertzaleen arteko ekintza batasuna ez dago bere onenean, lankidetza esparru ia gehienak krisiak jota daude-eta”.

Jose Elorrieta idazkari nagusiak eta German Kortabarria idazkari nagusi albokoak eman dute ELAren agiriaren berri gaur, Bilbon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.