ELA sindikatuak deituta, hainbat eta lagunek hartu dute parte gaur, Bilbon, "parte-hartze politikoaren eskubideen alde" egindako elkarretaratzean. Espaniako Gobernuaren egoitzaren aurrean egin dute ekimena.
"Eskubide politiko osoak dituzten pertsonak atxilotu eta espetxeratzea onartu ezineko zerbait larria da, eta larritasun horretara edozein gizarte demokratikoa ezin da ohitu", esan du ELAk. "Berriro adierazpide politiko bat oso-osorik ilegalizatzeko atarian gaude. Modu horretan, hitza eta bozka izan nahi duten milaka herritarrei parte-hartze politikoaren eskubidea ukatu egiten zaie".
Izan ere, Espainiako Gobernuak Estatuko Abokatuari agindu berri dio Demokrazia Hiru Milioi (D3M) hautesle plataformaren eta Askatasuna alderdi politikoaren aurka egin dezala, ETArekin eta Batasunarekin loturak dituztelakoan. Martxoaren 1ean izango dira Eusko Legebiltzarrareko hauteskundeak, eta bihar, etzi eta etzidamu aurkez daitezke helegiteak. D3Mk eta Askatasunak aurkeztuak dituzte euren hautagaitzak.
D3M bultzatu zutelakoan Espainiako Poliziak duela bi aste Amparo Lasheras, Iker Rodrigo, Imanol Nieto, Eli Zubiaga, Agurtzane Solabarrieta, Arantza Urkaregi, Hodei Egaña eta Iñaki Olalde atzeman zituen, orain arte Soto del Real (Madril, Espainia) espetxean izan dituzte, eta atzotik haiek handik sakabanatzen hasi dira.
Politika
ELA, parte-hartze politikoaren eskubideen alde
Elkarretaratzea egin du gaur Bilbon, "eskubide politiko osoak dituzten pertsonak atxilotu eta espetxeratzea onartu ezineko zerbait larria" delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu