ELAk bere afiliatuei dei egin die larunbaterako Gernikako Akordioaren sinatzaileek "salbuespen neurrien" kontra deitutako manifestazioan parte har dezaten. Bilbon izango da martxa (Casilla), 17:30etik aurrera, Salbuespenezko neurriak indargabetu. Konponbide garaia da lelopean.
Neurri horien artean 197/2006 edota Parot doktrina aipatu du ELAk. "2006an Auzitegi Gorenak ezarritako doktrina hori erabaki politiko baten fruitu izan zen, hainbat eta hainbat euskal presoren kaleratzea saihesteko. Ondorioz, espetxeratu askori zigorra bidegabeki luzatu diete, zenbait kasutan hamar urtetik gora". Doktrina bertan behera uzteko exijitu du sindikatuak.
Haren ustez, "arduragabekeria" izan da orain Konstituzionalak Gorenak ezarritako doktrinaren errora jo ez izana. "Pentsa liteke erabaki horrek zergati politiko nabarmena duela. Salbuespen eta mendeku politika areagotzen ditu".
Amaiur eta Herrira ere Bilbora
Xabier Mikel Errekondo Amaiurreko diputatuak Espainiako Kongresuan gaur premiazko ekimen bat aurkeztu du, presoei ezartzen ari zaizkien "salbuespen neurriak" bertan behera uzteko eskatzeko. Presoen eskubideak errespeta daitezen neurriren bat hartzeko asmoa duen galdegingo dio gobernuari. Hurrengo kontrol saiora eramango du, eta maiatzean bozkatuko dute, Kongresuko osoko bilkura batean.
Horrekin batera, Bilbon larunbatean 197/2006 doktrina-ren aurka egitekoa den manifestaziora biltzeko deia egin du Errekondok, eta Raxoiren gobernuari eskatu dio herritarren eskaera horiei "entzungor ez egiteko".
Kongresuko prentsa aretoan egin du gaur agerraldia, eta ekimena aurkeztearekin batera, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Parot doktrina-ren inguruan hartutako erabakia gaitzetsi du. Haren arabera, Konstituzionalak "demokraziaren maila eskasa" erakutsi du erabaki horrekin. Presoen abokatuek salatu dute erabaki hori politikoa dela.
Doktrina horrek eta presoen sakabanatzeak "eskubideen urraketa" dakartela nabarmendu du, eta horrek familiei "sufrimendua" eragiten diela.
Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak "gutxieneko koherentzia" eskatu dio Amaiurri, eta gogorarazi du koalizioak ETAri desegitea eskatzen dionean izango duela "beste gauza batzuk eskatzeko" ahalmena.
Herrira mugimenduak ere atxikimendua agertu dio Bilboko manifestazioari. "Konstituzionalak harturiko azken erabakiak suposatu duen giza eskubideen urraketa nabarmenaren aurrean beharrezkoa ikusten dugu herritarrak batu eta giza eskubideen aldeko indarrak antolatzea".