ELAk autodeterminazio eskubidea helburu estrategiko gisa hartzeko eskatu du

"Autodeterminazio eskubideak ez du eskatu beharreko minimoa izan behar, eta bere inguruan bildu behar dira alde dauden indar sozial, sindikal eta politiko guztiak", dio sindikatuak Aberri Egunera begira plazaratu duen agiriak.

2009ko apirilaren 6a
17:48
Entzun
ELA sindikatuaren arabera, Espainiako Estatuarekin egin beharreko negoziazio eredua aldatu egin behar da, "autodeterminazio eskubideak ez duelako eskatu beharreko minimoa izan behar, helburu estrategikoa baizik". Xede hori lortze aldera, "bere inguruan bildu behar dira alde dauden indar sozial, sindikal eta politiko guztiak. Bestela esanda: ELArentzat prozesu subiranistarik ez da izango konponbide eredua berrikusten ez bada". Hala dio Aberri Egunera begira gaur plazaratu duen agiriak.

Sindikatuaren ustez, bada eredurik borroka egiteko: Ipar Euskal Herrikoa. "ELAk nabarmendu egin nahi du Ipar Euskal Herriko borroka abertzale eredugarria. Iparraldean abertzaleek botere politiko instituzionalaren lilura faltsuei uko eginda, eta bortizkeriaren eta klandestinitatearen epikarik gabe, arlo nazionalean estrategikotzat jotzen duten gai batean -Euskal Herriko Laborantza Ganbara- indarrakbat egiten asmatu dute euren artean, sektore politiko, sozial eta instituzional zabalagoak ere erakarriz".

"Unibertso abertzalean etsipena eta antzutasuna hedatu" dela ikusten du ELAk, eta hor EAJk eta EAk Eusko Jaurlaritzan izandako jokabidea kritikatu du, "etsigarria izan delako edozein indar subiranistarentzat erabateko garrantzia duen tresna -kontsulta-, nola erabili duten; ez dute batere jokabide sinesgarririk izan".

ETAren jarduera millitarra gaitzetsi du, baita politikoa ere, "onartezina delako [Espainiako] Estatuarekin erabakitzeko euskal esparruari buruz egin beharreko balizko negoziazioan ETAk bere burua protagonista nagusitzat agertzea. Jarrera hori ez da zilegi; desegokia da eta herri honen interesekin ez dator bat, gehiengoak protagonista izan nahi baitu bere askapen prozesuan, bide zibil, demokratiko eta bakezkotik jota".

Espainiako Estatua demokratikoa ez dela iritzi dio ELAk. "Giza eskubideen aurkako jokabideak babesten ditu, eta errealitate nazionalekiko ez du errespeturik".

Arlo sozio-ekonomikoa

ELAren ustez, aurreko urteetan izan den hazkunde ekonomikoa ez da berdintasuna eta gizarte justizia areagotzeko baliatu, eta "orain enplegua neurrigabe nola suntsitzen den ikusten dugu".

Horretaz gain, agenda politikotik hainbat aldarrikapen desagertu egin zirela salatu du: Gizarte Segurantza, enplegu politikak edota lan legedia. "Are gehiago, erakundeek onartu egin dituzte finantza baliabideak, estatuak ezarritako kudeaketa erabiltzeko baldintzapean, alor beraren xedea desitxuratuta ere. Beraz, autogobernua erabili den moduari etsigarria irizten diogu".

ELAk dio arrazoi horiengatik deitu duela, beste sindikatu batzuekin batera, maiatzaren 21erako greba orokorra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.