Europa guztian, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian inbertitzen da diru gutxien Osasun Publikoan. Novalek alderaketa egin du. «2003ko datuen arabera, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian Barne Produktu Gordinaren (BPG) %4,4 besterik ez zen bideratu Osasun Publikora; Europako batez bestekoa %6,4koa da, bi puntu handiagoa, alegia». Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan urtero 1.226,4 milioi euro gehiago bideratu beharko lirateke Europako batez bestekora iristeko. «Diru gehiago ez da inbertitzen, ez ezin delako, inbertitu nahi ez dutelako baizik, borondate politikorik ez dagoelako. Aurrekontuen politikarekin lotuta dago; Eusko Jaurlaritzak urtero irabaziak dituelako gertatzen da hori». Novalen hitzetan, horren ondorioak «oso larriak» dira: «Kalitatea gero eta eskasagoa da, Osasun Pribatua indartzen da...».
Txostenak datu bat azaleratu du: azken hamarkadan, langileen kopurua oso gutxi hazi da, lanaren zamarekin alderatuta, eta hazi dena behin-behineko kontratuekin hazi da. ELAk txostenaren datuak Osakidetzaren Mahai Sektorialean gaur egun dauden liskarrak frogatzeko ere baliatu ditu. Osakidetzak aurkeztutako aurrekontuaren arabera, 22.400 langile dauzkate; 17.280 kontratu finkoarekin, eta 5.120 behin-behinekoarekin. Eustaten datuen arabera, berriz, Osakidetzan, 2004an 27.073 langile kontratatu ziren. «Horrek esan nahi du, Osakidetzan, egunero, 27.073 langile ari direla lanean. Horietatik 9.793 egonkortasunik gabe».
Datu horiek aintzat hartuta, beraz, une honetan 9.793 lagunentzat Lan Eskaintza Publikoa balego, guztiek kontratu finkoa lortuko lukete. Izaskun Garikano ELAko Osasun Publikoko arduradunak beste irakurketa bat egin du. «9.793 langile horiek egonkortzea ezinbestekoa da, noski, baina argi eduki behar da horrek lan zamaren arazoa ez lukeela konponduko. Azken batean, 9.793 langile horiek, behin-behineko kontratuarekin, baina gaur egun ere lanean ari baitira». 4.000 lagunentzat Lan Eskaintza Publikoa egingo dute, baina argi dago hori ez dela nahikoa.
LANGILE GEHIAGOREN BEHARRA. Txostena egiteko, Osasun Publikoko datuak bi multzotan banatu ditu ELAk: ospitale sektoreko datuak eta ospitalez kanpokoak. Bi kasuetan, azken hamar urteotan langileen kopurua, batez beste, lan zama baino askoz gutxiago hazi da. 2004an 1994an baino %5,7 langile gehiago zeuden ospitale sektorean, baina ospitalizatzeak %19,9 hazi ziren, kanpoko kontsultak %34,4, larrialdiak %43,7...
Beste datu esanguratsu asko daude ospitale sektorean bertan. 1994an, esaterako, BPGren %2,97 bideratu zen Osasun Publikora, eta orain bi urte, berriz, %2,63. 2004an 1994ko BPGren batez besteko bera bideratu izan balitz, 179,6 milioi euro gehiago bideratu beharko ziratekeen. Langileen gastuak murriztu dira, gainera, gehien (%1,97tik %1,60ra). «Eta hori oso larria da». Julene Gabiola ELAko azterketa bulegoko kidearen hitzak dira. Beste baliabide batzuetako egoera ere ez da apartekoa, materialen gastuei begiratuta ere, esaterako, murrizketa nabarmena baita. «1994an 51 ospitale zeuden, eta 2004an, berriz, 44. Mila biztanleko 4,2 ohe zeuden 1994an, eta orain bi urte 3,8. Europako Batasunarekin alderatuta, 2002an Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 3,9 ohe zeuden mila biztanleko, eta EBn, berriz, 6,1. Defizita nabarmena da». Gabiolak murrizketa gehiago ere azaldu ditu: «Lehen 10,8 egunekoa zen gaixo bakoitzaren ospitaleko egonaldia. 2004an batez besteko hori %2,2 jaitsi zen».
Ospitalez kanpoko sektorean ere murrizketa nabarmena da. «2004an 1994an baino 105,6 milioi euro gutxiago inbertitu ziren, eta kasu honetan ere asko langileen gastuak murriztuta. Ospitale kopuruak ere murriztu egin dira, 1994an baino bederatzi zentro gutxiago baitzeuden 2004an». Garikanok zehaztu duen moduan, ospitalez kanpoko sektoreko datuek ere langileen eta lan zamaren arteko desoreka nabarmena erakusten dute. «Kontsulten hazkundearekin alderatuta, langileen kopuruaren hazkundea gutxitu egin da. 1994tik 2004ra langile kopurua %5,5 igo da (2003tik 2004ra %1), baina kontsultena %9,8». Ondorioz, mediku bakoitzaren lan zama ere asko hazi da. «2003arekin alderatuta, bakoitzak 2004an 38 kontsulta gehiago egin zituen; 1994arekin alderatuta, 35 gehiago (%0,73 gehiago)». Langile kopurua gehitzearen beharra ezin da ukatu, beraz. Hain zuzen ere, langile falta izan da oraindik pil-pilean dagoen gatazkaren oinarria.
OSASUN SAILAREN ERANTZUNA. Egoera gori-gori dagoen seinale, EAEko Osasun sailburu Gabriel Inclanek ELAren kontrako hitzak esan ditu. Osakidetzako langileek «Estatuko ordainsaririk handiena» dutela, eta «nahi adina baimen» lor ditzaketela esan du Inclanek. Euren eskaintza «adabaki soila» ez dela, eta «sektorearen beharrak konpontzeko borondatea» daukatela esan du.
Gaur bilduko da Mahai Sektoriala
ELA, SATSE eta ESK sindikatuek deituta ostiraleko greba deialdia gainean dutela, gaur goizean bilduko da, berriz ere, Osakidetzaren Mahai Sektoriala, Gasteizen. Orain artean egin gabekorik egiterik ez dute espero, ordea, sindikatuek. ELAk, behintzat, ez. Hala adierazi du Izaskun Garitano ELAko Osasun Publikoko arduradunak. «4.000 lanpostuko Lan Eskaintza Publikoari buruzko monografikoa egin nahi dute, eta horrek ez du ezer konpontzen, oso eskaintza murritza delako. Ez dirudi hitzarmen kolektiboaz hitz egiteko borondaterik izango dutenik eta, beraz, greba deialdiak bere horretan jarraitzen du». LABek eta CCOOk ere lehen greba egunarekin bat egin dute, eta, beraz, Mahai Sektorialeko %100ek egin dute bat ostiraleko greba deialdiarekin, ELAk eta SATSEk %80 baitute, eta LABek gainerako %20.Bestalde, UGTk adierazi du Osakidetzak gaurko bileran Lan Eskaintza Publikoari buruzko jarrera aldatzen ez badu, ez duela baztertzen mobilizazioak egitea. «Hala egingo dugu, 2005eko akordioei kasurik ez egin eta 2006ko akordioa lortzeko pasibotasunarekin jarraitzen badu». UGTk, oraingoz, ez du bat egin ostiraleko greba deialdiarekin, eta gogor kritikatu du ELAren jarrera. «Azken hamar urteotan langileon arteko konfrontazioa bilatu du. Gainera, ostiraleko deialdiak bazter batean uzten ditu langileon arazoak, eta balizko akordioren bat lortzeko aukera atzeratu egiten du». Ostiraleko greba deialdiarekin bat egiteagatik, LAB eta CCOO sindikatuen jarrera ere salatu du.
Osasun Publikoan langile kopurua, batez beste, lan zama baino askoz gutxiago hazi da azken hamarkadan
EAEn urtero 1.226,4 milioi euro gehiago bideratu beharko lirateke Europako batez bestekora iristeko