Politika

ELAk dio PSOE-PP ituna "eskubide zibilak eta berme prozesalak urratzeko baliabide" bihurtu dela

'18/98 auzia' kritikatu du, "ideiak epaitu eta kondenatu egin direlako". Sindikatuak elkarretaratzea egin du gaur eguerdian, Bilbon. "Borroka zibila eta demokratikoa" aldarrikatu du, bide batez.

2007ko abenduaren 6a
15:05
Entzun
Azken egunotan izandako gertakariak direla-eta, ELAk elkarretaratzea egin du gaur Bilbon Euskalduna Jauregiaren atarian -hasieran Moyua plazarako deitua zegoen-, 12:00etatik aurrera.

Gogor salatu du ELAk Espainiako Estatuak daraman estrategia. Izan ere, hor dira, haren ustez, "salbuespen-egoerako legeak (Alderdien Legea), auzitegien doktrina, atxilotuentzako zigor jasangaitzak (zigorren betetze osora behartuz), eta epaiketa sumarisimoak (inputatuei oinarrizko auzi-bermeak aitortu gabe)".

Horrek denak, ELAren iritziz, PSOEk eta PPk duela zenbait urte egindako ituna du oinarri. "PSOEk eta PPk egin zuten Estatu-mailako ituna, gure Herriari etorkizunaz demokratikoki erabakitzeko eskubidea ukatu ez ezik, eskubide zibilak eta berme prozesalak urratzeko baliabide ere bihurtu da. Zapateroren Gobernuak politika errepresiboa eta judiziala erabiltzen ditu, Aznarrek egiten zuen modu berberean".

18/98 auzian, kasu, "ideiak epaitu eta kondenatu dira. ETArekin zerikusirik ez duten erakunde abertzale, politiko, sozial eta kulturaletan ziharduten pertsonak epaitu eta kondenatu dituzte".

ELAk pertsona guztien eskubide eta askatasunak aldarrikatu ditu, eta "gure Herriaren eskubide kolektiboen alde egiteko modu bakarra -pertsonei inolako erasorik egin barik- borroka zibila eta demokratikoa" dela dio. Hala, salatu egin du Capbretongo "atentatua" -bi guardia zibil hil ziren tiroketan-.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.