euskal herria

ELAk eta EILASek bertan behera utzi dute hilaren 31rako sektore publikoan deitutako greba

Bi sindikatuek, LAB eta ESKrekin batera, Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako sektore publikoan greba deialdia egin zuten egun horretarako, baina ELAk eta EILASek planteamendua "birformulatzea" erabaki dute EAEn. Horren ordez, elkarretaratzeak, itxialdiak eta kaleko protestak iragarri dituzte.

2012ko maiatzaren 16a
17:12
Entzun

Hilaren 31rako ELA, LAB, EILAS eta ESK sindikatuek Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako sektore publikoan deituta zuten greba "birformulatzea" erabaki dute ELAk eta EILASek EAEn —Nafarroan eutsi egin diote deialdiari—. Horrela, egun horretarako "borroka eta mobilizazio eguna" iragarri dute, eta elkarretaratzeak, itxialdiak eta kaleko protestak burutuz egingo dituzte euren aldarrikapenak Gasteizen, Bilbon eta Donostian. 

Bi sindikatuetako ordezkariek gaur goizean irakurri duten testuan azaldu dute ez dutela lau sindikatuen artean greba deialdiaren inguruko planteamendua adostea lortu, eta ondorioz, ELAk eta EILASek bestelako planteamendu bat proposatu dute.

"EILAS eta ELA sinistuta gaude gure indarrak ongi neurtu behar ditugula, eta zerbitzu publikoen aurkako erasoei ahalik eta tinkoen erantzun behar diegula", adierazi dute.

LABen erantzuna

LAB sindikatuak ohar baten bidez jakinarazi du ez datorrela bat bi sindikatu horien erabakiarekin, maiatzaren 3an deialdia egin zutenetik ez baita planteamenduan "elementu berririk agertu". LABek ostiralean egitekoa duen batzarrean aztertuko du egoera.

Greba deialdiaren bitartez Hego Euskal Herrian diharduten administrazioek azken hiru urteotan egindako edo iragarritako murrizketak salatu nahi dituzte. Lau sindikatuek greba iragartzean azaldu zuten murrizketa horiek zerbitzu publikoak eta ongizate estatua "desegiteko" helburua dutela.

Hegoaldean 130.000 eta 140.000 lagun artean ari dira erakunde publikoetan lanean. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.