Gipuzkoako eraikuntza sektorean heldu den astelehenetik aurrera deitutako greba bertan behera utzi du ELA sindikatuak. Izan ere, Adegirekin akordio batera heldu da sektorean hitzarmen berria gauzatu ahal izateko. Gurutz Gorraiz ELAko arduradunak esan du hurrengo asteleheneko negoziazio mahaira eramango dutela akordioaren mamia eta beste sindikatuek ere hitzarmena berrestea espero du.
Gaur goizean ELAko ordezkariek hitzarmena aho batez onartu dutela jakitera eman du eta akordioa ekonomia alorretik haratago doala. Gorraizen ustez, greba deialdiak eta horrek izango zuen jarraipen handiak bultzatu dute "blokeo egoeran" zeuden negoziazioak berriz hastea.
Adegi lortutako akordioagatik pozik agertu da eta izan duen “negoziaziorako borondatea” argi gelditu dela dio. Adegiren hitzetan, “egonkortasuna emango dio hitzarmenak hurrengo urteetan erronka handiei aurre egin beharko dien sektoreari”.
Akordioari jarraiki, KPI gehi 1,6 puntuko soldata hazkundeak izango dira Gipuzkoako eraikuntza sektorean eta desplazamendu eta dietetan ere hobekuntzak izango dituzte langileek.
LABek ELAren jarrera salatu du
Adegirekin ELAk hitzartutako "alde bakarreko akordioa" kritikatu du LABek. Gainontzeko sindikatuak erabakiaz eta akordioaren mamiaz ohartarazi gabe hitzarmena sinatzea egotzi dio ELAri. Negoziazio mahaian aurrerapenik ez izatekoan ekainean sei greba egun deituko zituela esan zuen aurrez LABek eta sindikatuaren irudiz ez da aparteko aurrera pausorik gertatu. ELAren eta Adegiren arteko akordioaren muina ezagutzean hartuko dute behin betiko erabakia.
CCOOk eta UGTk ere akordioa arbuiatu dute eta heldu den astelehenean izango den negoziazio mahaiko bilkurara ez direla joango jakinarazi dute.
ELAk Gipuzkoako eraikuntzan deitutako greba bertan behera utzi du
Adegirekin akordio batera heldu da sindikatua sektorean hitzarmen kolektibo berria egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu