konponbideari begira

ELAk ohartarazi du Espainiak egoera berria kudeatzeko borondaterik ez duela

Euskal presoez "desinformazioa eta manipulazioa" dagoela salatu du sindikatuak. EAJren jarrera "ulergaitza" egiten zaio Kongresuko akordioagatik, eta azpimarratu du biktimei buruzko ezker abertzalearen agiria "ahalegin politiko eta etiko txalogarria" dela.

2012ko martxoaren 7a
15:40
Entzun

ETAk iazko urriaren 20an jakinarazi zuen borroka armatua bukatu zuela, baina Espainia "arduragabe" ari da jokatzen, ELAk gaur salatu duenez. "Badirudi ez daukala egoera berri hau kudeatzeko borondaterik. Onartu ezinekoa da hori".

Euskal presoez, adibidez, "erabateko desinformazioa eta manipulazioa" dagoela iritzi dio ELAk. Haren ustez, "ezinbestekoa da biolentziari uko egitea", baina hori gabe ere presoak hurbil daitezke, eta hirugarren gradua eta baldintzapeko askatasuna eman daitezke. "Ezin da maximo etikorik eta alderdi baten programa politikorik ezarri. Gainera, zuzenbidetik at dago".

EAJren jarrera "ulergaitzagoa" egiten zaio ELAri, hark otsailaren 21ean PP eta PSOErekin-eta Espainiako Kongresuan sinatutako akordioagatik. "Gobernuari legeak zorrotz bete ditzala eskatzen zaio itun horretan. Baina lege horiek hein handi batean indargabetzea ezinbestekoa da, itun antiterroristaren itzalean egindako gehiegikerien ondorioz zeharo kutsatuta baitaude".

Aldiz, ezker abertzalearen Konponbide haizea dabil agiria —biktimei buruzkoa-eta—, "ahalegin politiko eta etiko txalogarria" dela deritzo sindikatuak, "etorkizunean gure herrian abia daitekeen irtenbide  eta adiskidetze prozesu baterako biziki osagai interesgarriak biltzen dituelako".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.