Jaurlaritzaren aurrekontuak

ELAk ohartarazi du Jaurlaritzaren aurrekontuek «neoliberalak» izaten jarraitzen dutela

Mikel Novalen esanetan, Elkarrekin Podemosek, Jaurlaritzarekin akordioa lortzearen ondorioz, «mesede eskasa» egin die «aurrekontu eta zerga politiken eraldaketa erradikala» defendatzen duten indar sindikal eta sozialei. EAEko Ahal Dugu-ko militanteek akordioaren alde bozkatu dute. Bihar sinatuko dute ituna.

ELAren buruak, aurtengo maiatzaren 1ean, Bilbon. MONIKA DEL VALLE, FOKU
2019ko abenduaren 12a
13:40
Entzun

ELAk deritzo Eusko Jaurlaritzak (EAJ-PSE) eta Elkarrekin Podemosek datorren urteko aurrekontuez lortutako akordioak «neoliberala» izaten segitzen duela, eta, beraz, aldatu direnak kontuak babestuko dituzten indarrak direla. Elkarrekin Podemos koalizioan, Ahal Dugu-k eta Equok sostengatu egingo dituzte aurrekontuak, eta Ezker Anitza-IUk, ez —EPko 11 legebiltzarkideetatik zortzi ditu Ahal Dugu-k, bat Equok eta bi Ezker Anitza-IUk—.

Mikel Noval ELAko Azterketa arduradunak prentsa ohar baten bidez azaldu du Ahal Dugu-k eta Equok «mesede eskasa» egin dietela «aurrekontu eta zerga politiken eraldaketa erradikala» defendatzen duten indar sindikal eta sozialei. «2019ko aurrekontua oso neoliberala izan da, eta hala zioten duela urtebete indar politiko horiek. 2020rako onartuko denak ez du inolako aldaketarik ekarriko bere joera neoliberalean; aldatu direnak, ordea, orain babestuko duten indarrak dira». 

Aurrekontuetako itunak «ez du inolako aldaketarik» ekarriko Jaurlaritzaren aurrekontu politikan, ELAk oharrean dioenez. «Ahal Dugu-k eta Equok bere gain hartu dituzte Jaurlaritzaren aurrekontu marrak, gobernuak ez baitu onartu zerga bilketa handitu eta aurrekontua handitzea ahalbidetuko zion zerga erreforma bat negoziatzea». Novalen esanetan, gastu arauaren mugak ere ontzat eman dituzte. «Era berean, zorra ordaintzearen lehentasuna onartu da, sail sozialen partiden igoerari eragiten dion bitartean».

Azaldu duenez, aurrekontu proiektua zehazki 88,9 milioi eurotan aldatu da; «hau da, horrek hasierako proiektuaren, 11.774 milioien %0,75 esan nahi du. Argi dago, zentzu horretan, onartuko den aurrekontuan ez dela aldaketa nabarmenik izango». 

Halaber, ELAko zuzendaritzakideak adierazi du akordioak ontzat eman duela EAEko Jasangarritasun Energetikoaren Legea ere ez betetzea. Lege horrek xedapen gehigarri batean jasotzen zuen 2020an Jaurlaritzak gutxienez 100 milioi euroko funts bat eratu beharko zuela administrazio lokaletan, lege horretatik eratorritako inbertsioak errazteko. «Akordioak 80 milioi uzten ditu etorkizunerako, eta zenbateko horren erdia baino gehiago noizko izango den ere ez dute zehazten».

EAEko Ahal Dugu-ko militanteak, akordioaren alde

EAEko Ahal Dugu-ren barne kontsultan parte hartu duten militanteen %88,8 aurrekontuetako akordioaren alde azaldu dira, Yahcov Ruiz alderdiko Antolaketa idazkariak eta Cristina Makazaga legebiltzarkideak jakinarazi dutenez. Kontsulta telematiko bat egin zuten asteartean eta atzo. 2.896 lagunek hartu dute parte — 5.557 daude izena emanda—; beraz, %52koa izan da parte hartzea. 2.541k egin dute aurrekontuak aurrera ateratzea «ahalbidetzearen» alde. Kontra bozkatu dute 319k (%11,1) eta boto zuria eman dute 36k. Equoko militanteek ere aldeko hautua egin dute, atzo alderdiak azaldu zuenez.

Hala, Elkarrekin Podemoseko bederatzi legebiltzarkidek abstentzioa emango dute 2020ko aurrekontuen bozketan. Ezker Anitza-IUko biek, kontrako botoa.

Jaurlaritzak eta EPk bihar sinatuko dute akordioa.

EH Bilduren kritika

EH Bilduk esan du aurrekontu akordioa jada martxan dagoela eta EPk uko egin diola Diru Sarrerak Bermatzeko Legea murrizketarik gabe betetzeko exijitzeari. «2020an aurten baino diru gutxiago egongo dela Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta finantzatzeko. Podemosek murrizketa handiagoa edo txikiagoa den negoziatu du, baina murrizketa bat, azken batean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.