Etxebizitza eskubidea

ELAk protesta egin du Bilbon eta Iruñean, etxebizitza duinak aldarrikatzeko

Sindikatuak salatu du 8.000 etxebizitza daudela hutsik Bilbon, eta 350 pertsona kalean bizi direla. Nafarroa Garaian, 25.000 dira hutsik daudenak, eta 350 etxegabetze baino gehiago egiten dira urtean.

Iruñeko Sarasate pasealekuko protesta, gaur goizean. ELA SINDIKATUA
2022ko ekainaren 20a
15:28
Entzun

Etxebizitza eskubidea aldarrikatu dute dozenaka lagunek Bilboko Unamuno plazan eta Iruñeko Sarasate pasealekuan. «Airbnb kanpora, pertsonentzako etxebizitza duinak orain» izan da erabili duten leloa. «Hirien turistifikazioan» ipini du arreta sindikatuak, eta Airbnb-ren moduko plataformen «gorakadaz» ohartarazi du.

Alokatzeko etxeen eskaintza urriak prezioak gora egitea eragin duela salatu du ELAk. Emandako datuen arabera, Airbnb plataforman, gaueko batez besteko prezioa 180 euro da. Eusko Jaurlaritzaren politika kritikatu du sindikatuak, eta zehaztu dute 2022ko aurrekontuaren %0,2 «baino ez» zela erabili etxebizitzarako, eta alokairu sozialeko etxebizitzen eskaintza %2,6 dela; «Europakoa, batez beste, %7,4 da, eta Herbehereetan, %34,1».

Protestagileek exijitu dute etxebizitza «oinarrizko eskubide» izan dadila, eta ez «negozioa». Sindikatuak salatu du 8.000 etxebizitza daudela hutsik Bilbon, eta 350 pertsona kalean bizi direla. Nafarroa Garaian 25.000 dira hutsik daudenak, eta 350 etxegabetze baino gehiago egiten dira urtean.

Egoera horri aurre egiteko, Euskal Herriko etxebizitza sozialak «nabarmen» ugaritzeko beharra dagoela esan du ELAk, eta gastu publikoa BPGaren %2ra igotzea. Beste hainbat neurri proposatu ditu sindikatuak horrez gain: alokatze eredua sustatzea salerosketaren aurretik, hutsik dauden etxebizitzak derrigorrez alokairura bideratzea, etxegabetzeak gelditzea, eta turismorako etxebizitzen kopurua mugatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.