Zahar etxeak

ELAk salatu du Donostiako Txara I egoitzan 14 orduz jan barik eduki izan dituztela erabiltzaileak

Sindikatuak Maite Peña Gipuzkoako Aldundiko Gizarte Politiketako diputatuaren dimisioa eskatu du

Maite Peña Gipuzkoako Aldundiko Gizarte Politiketako diputatua artxibo irudi batean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Javi West Larrañaga.
2021eko irailaren 29a
14:29
Entzun

ELAren salaketa baten harira egindako ikuskapen batek ekarri du argitara Donostiako Txara I zahar etxeak ez dituela langileen ratioak betetzen. Sindikatuak ohar bidez adierazi du egoitzak kudeatzen dituzten enpresa pribatuek «ahaztu» egiten dutela pertsonekin egiten dutela lan, eta «ez torlojuak egiten». Hamalau ordu jan barik izateaz gain, egoiliarrak gosaltzera askotan fardelak aldatu gabe eramaten dituztela nabarmendu du txostenak. Beste kasu batzuetan, afaldu ostean jarraian oheratzen dituztela jakinarazi dute, eta batzuek gonbitoka egiten dutela horregatik.

Gipuzkoako zahar etxeetako langileek 252 egun daramatzate greban, eta, sindikatuaren arabera, Eldiario.es egunkari digitalak argitara ekarri duen ikuskapenak agerian utzi du haien «aldarrien zilegitasuna». Esan dutenez, egoera ez da mugatzen Txara I zahar etxera, eta Gipuzkoako zentro gehienetan erizainak falta direla azpimarratu dute. ELAk Gipuzkoako Aldundia jo du erantzule nagusitzat, diruz laguntzen dituelako sektoreko enpresa pribatu guztiak eta ratioak zehazten dituelako.

ELAko bozeramaile Aimar Etxeberriak hiru eskaera egin ditu Euskadi Irratian: langile bakoitzak egoiliar bakoitzarentzat daukan denbora luzatzea, langile kopurua handitzea, eta Maite Peña Gipuzkoako Aldundiko Gizarte Politiketako diputatuak dimititzea.

Peñak onartu du abuztuan langile gutxiago egon direla, baina udako oporrekin eta ordezko langileak lortzeko zailtasunarekin lotu du arazoa. Txarakoa «325 ikuskapenetatik bat bakarrik» dela nabarmendu du, eta jan barik hamalau ordu pasatu zutenak 116 egoiliarretatik hamasei izan zirela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.