ELAk Gernikako ekitaldia egin zuenetik hogei urte bete direnean, jardunaldi batzuk antolatu dituzte autogobernuaren egoera aztertzeko, eta horien ondorioen berri eman du Adolfo Muñoz idazkari nagusiak. Esan duenez, Espainiako Estatuak "inboluzioa" nozitzen du aspalditik, eta, horren ondorioz, "autogobernurik" ez dagoela baiezta daiteke. "Ez dugu soilik guk esaten", azaldu du Muñozek; "bete gabeko eskumenak eskatzeko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari igorritako txostenean, argi eta garbi esaten dute euskal instituzioak Espainiako Gobernuaren ordezkari huts bihurtu dituztela".
Eusko Legebiltzarrean antolatu duten autogobernu batzordean ere ez du itxaropen handirik ELAk. Ziur agertu dira PSOEk eta PPk Espainiako Konstituzioaren erreformarako prozesua iragarri ondoren batzorde hori ezerezean geldi daitekeela prozesu horretatik zer datorren ikusi arte. "EAJk PPrekin eta PSOErekin zeharkako akordio bat bilatzen badu, oso litekeena da batzorde horretako lanak geldiaraztea", esan du Muñozek.
Horren aurrean, indar subiranistek "gutxieneko batzuk" partekatzearen alde agertu da Muñoz, eta euskal alderdi eta instituziei "interpelazioa" egitea proposatu du. Argi utzi du estatus berri batek ELAren onespena jasotzeko erabakitzeko eskubidea aintzat hartu, lan harreman eta gizarte babeseko euskal esparrua aitortu, negoziazio kolektiborako eskubidea jaso eta ordezkaritza sindikalean "joko arau demokratikoak" errespetatu beharko lituzkeela. "Bestela, ELAk ez luke arlo horiek jasotzen ez dituen estatus berria sustatuko".
EAJrekiko harremana
Zeresan handia eman du azken egunotan EAJ eta ELAren arteko giro eskasak, eta, kazetariek galdeduta, Muñozek argitu du joan den larunbateko manifestazioa antolatzeko lehenengo bilerara joan zela ELA beste zenbait eragilerekin batera, baina EAJk bilera hartara ez joatea erabaki zuela. Bi arrazoi eman ditu horretarako: EAJ jorratzen ari zen "bitartekaritza lana" Kataluniako presidente Carles Puigdemont eta Espainiako Gobernuaren artean eta, beste aldetik, EAJk PPrekin eta PSOErekin dituen harremanak babestu nahi dituela datozen hilabeteetan lor ditzakeen akordioei begira. "Zilegi da hori, baina ez da zilegi EAJk ELA aitzakia bezala erabiltzea euren nahiak ezkutatzeko", esan du Muñozek.
Bestalde, prentsaurrekoan gogora ekarri dute duela hogei urte, gaurko egunez, Gernikako Estatutua hilda zegoela ziurtatu zuela ELAk.