Ekonomia

ELAko 24 bazkide ohi Koxkan berronartzeko agindu du Iruñeko epaitegiak

Iragan urtean, Auzitegi Gorenak ebatzi zuen arrazoi ideologikoak izan zirela 2009an izandako kaleratzeen atzean, eta oraingo epaian adierazi dute ez dela ulertzen zergatik atzeratu duen enpresak erabakia.

Berria.eus
2014ko uztailaren 18a
17:22
Entzun

ELAk zoriondu egin ditu Koxkako sindikatuko afiliatuek, bukatua delako bost urtez jasan duten nahigabea eta justifikatu ezinezko bereizketa eta jazarpena. Era berean, pozik agertu da iragan urtean Auzitegi Gorenak emandako epaia betetzeko agindu duelako Iruñeko Gizarte arloko 4. epaitegiak, eta enpresari 24 langileak lanean onartzeko agindu diolako.

2009ko otsailean, Koxkak 191 langile kaleratzeko lan erregulazioko espedientea aurkeztu, eta CCOO eta UGT sindikatuek babestu zuten. Kaleratuek salatu zuten atzean gehienbat ELA, LAB eta ESK sindikatuetako afiliatuak zeudela, eta jazarpen ideologikoa egitea egotzi zieten sindikatuei eta enpresari. ELAko afiliatuek auzitara jo zuten, eta, bide luzea egin ostean, Auzitegi Gorenak iazko uztailean baliogabetu zituen kaleratzeak, eta berehala onartzeko agindu zuen.

Urtebete iragan da geroztik, baina enpresak oraindik ez ditu onartu langileok. Koxka luzamendu juridikoez baliatu zen, baina Iruñeko epaitegiak orain iragarri du “oinarririk gabekoak” direla. Gorenaren epaia berretsi du, eta esan du kaleratzeek eskubide sindikala urratu zutela. Gainera, kaleratu zituztenetik berriz onartu arteko aldiari dagokion soldatak ordaintzeko agindu dio.

ELAk gogor gaitzetsi du enpresaren jarrera, eta esan du “mafiaren tankerakoa” dela. “Praktika hauen larritasuna erabat arbuiatu beharra dago”. CCOO eta UGTren isiltasuna “lotsagarria eta esanguratsua” dela deritzo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.