Politika

ELAko buruzagitzak Rafa Diez presoa bisitatuko du bihar

LABeko arduradun ohia Estremerako kartzelan dago urritik, Batasunaren Mahai Nazionala berriro osatu nahi zuela egotzita. Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusia eta Amaia Muñoa idazkari nagusiaren albokoa egongo dira harekin. Joseba Permach presoa Salamancatik Sevillara urrundu dute.

2010eko otsailaren 4a
21:02
Entzun
Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak eta Amaia Muñoa idazkari nagusiaren albokoak Rafa Diez Usabiaga presoa bisitatuko dute bihar, Estremerako kartzelan (Madril.) LABeko idazkari nagusi ohia da Diez, eta iazko urriaren 13an atxilotu egin zuen Espainiako Poliziak, Donostian, Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak aginduta.

Arnaldo Otegi, Rufi Etxeberria, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez, Amaia Esnal, Txelui Moreno, Miren Zalabeta, Mañel Serra eta Ainara Oiz ezker abertzaleko kideak ere atzeman zituzten orduan Donostian, Hernanin (Gipuzkoa), Iruñean eta Burlatan (Nafarroa). Batasunaren Mahai Nazionala berriro osatu nahi zutelakoan. Epaileak Diez, Otegi, Jacinto, Rodriguez eta Zabaleta kartzelara bidali zituen, eta Garzonek auzipetu egin ditu.

ELAk haiek "berehala" askatzeko dei egin izan du. Hain justu, urriaren 17an LAB, ESK, EILAS, EHNE eta Hiru sindikatuekin batera manifestazioa antolatu zuen Donostian. "Gatazkari irtenbide demokratikoa" bilatu behar zaiola aldarrikatu zuten ekimen nazional erraldoian.

Permach urrundu egin dute

Joseba Permach ezker abertzaleko kidea Topasko (Salamanca, Espainia) kartzelatik Sevilla II-kora (Andaluzia, Espainia) urrundu dutela jakin da gaur. 2007ko urrian atxilotu zuen Espainiako Poliziak, Seguran (Gipuzkoa), Batasuneko Mahai Nazionaleko kidea zelakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.