Gaur goizean egin dute bi orduko lehen lanuztea, 07:30ean hasita, eta ELArek esan du langileengandik babes erabatekoa jaso duela. %30eko gutxieneko zerbitzuekin eman du zerbitzua gaur Bizkaibusek, Jaurlaritzak ezarria. 18:00etan egin dute eguneko bigarren etenaldia; azkena, berriz, 22:30ean.
Bizkaibuseko langileek Bizkaiko Foru Aldundiari eskatzen diote 2014ko urriaren 4ean sinatutako akordioa betetzeko. Bete ezean, mobilizazioekin jarraitzeko prest agertu da ELA, baita greba orokorrera deitzeko ere.
Beste bederatzi protesta egun
Bizkaibuseko langileen ordezkariak eta diputazioak herenegun egin zuten bilera. Ez ziren ados jarri, eta, beraz, langileak mobilizazioekin jarraitzeko prest daude, UGT, CCOO, ELA, LAB eta LSB sindikatuek deituta. Garraio zerbitzu berrituaren adjudikazioak lanpostuak kentzea ekarriko duela salatzen dute, eta, diotenez, aldundia ez da adostutakoa betetzen ari.
Urrirako egun osoko bederatzi greba egun iragarri dituzte —hilaren 6, 9, 13, 15, 17, 20, 21, 23 eta 24an—, eta hilaren 27tik aurrera mugagabeko greba hasiko dute akordiorik ez badago.