Giza eskubideen aldeko Eleak mugimenduak Donostian abuztuaren 13rako deitutako manifestazioaren ibilbidea aldatu egin dute, eta Bulebarretik abiatu ordez Perlatik (Kontxako pasealekutik) abiatuko da, 17:00etan.
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi zien aldaketa beharra, deialdia egin zutenean bertan. Antolatzaileek berria "harrituta" jaso zutela aitortu dute. Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak eskatu du ibilbidea aldatzea, "manifestazioak ez dezan eragin jaien segurtasun eta normaltasunean" eta aldatzeko prest ez egotekotan, "debekatu" egin beharko dutela iragarri du.
Ondorioz, Eleak mugimenduak azaldu du "boluntarioki eta polemika interesatuak saihesteko" Okendo plazan amaitzeko asmoa zutela, baina Aresek "nahiko ez dela iritzi dionez", Perlatik abiatu beharko dutela.
Horren inguruan, Eleak-ek "adierazpen eta manifestazio librearen eskubidea urratzea" leporatu dio Ares Herrizaingo sailburuari. Mugimendu horren ustez, Herrizaingo Sailaren jokaerak aldarrikapenaren esanahia indartu du: "Adierazpen politiko oro legala den marko demokratiko bat aldarrikatzea".
Eleak mugimenduak argi utzi nahi du "euskal herritarrak aurreiritzien aurretik doazela" eta datorren larunbatean azaldu nahi dute festa eta aldarrikapena elkartu daitezkeela. Horretarako, leloa aldatu dute: lehen Euskal Herri libre eta legala. Eskubide guztiak guztiontzat zen lekuan, orain La Perlatik ere, Euskal Herri libre eta legala izango da.