Elebide hizkuntza eskubideak bermatzeko zerbitzuak 346 intzidentzia jaso zituen iaz. 2016an jaso zituenak baino 230 gutxiago izan dira. Horietatik, 289 dira kexak, eta ia guztiak daude euskaraz jarduteko eskubidearen urraketarekin lotuta. Soilik sei kexa jaso dira gaztelera erabiltzeko zailtasunengatik.
Elebidek jaso dituen kexen %83 erakunde eta elkarte publikoen kontrakoak dira. Horien artean, Osakidetzaren aurka aurkeztutakoak dira gehienak. 241etik, 64 dagozkio Osakidetzari. Iaz, 208 kexa jaso zituen. Haren atzetik, Lanbideri dagozkio kasu gehien: 10 kexa.
Bildutako kexak lau arlotan sailkatu ditu Elebidek: idatzizko harremanak, ahozkoak, hizkuntza paisaia eta Internet eta sare sozialak. Idatzizkoen artean, 108 kexa bildu ziren. Gehienak, administrazioak gaztelera hutsean idatzitako dokumentuengatik. Ahozkoen arloko 42 kexetan, euskaraz artatua izateko eskubide urraketa salatu dute herritarrek. 84 dira hizkuntza paisaiari dagozkionak. Gaztelera hutsean idatzitako kartelengatik jaso dituzte kexak. Azkenik, Internet eta sare sozialen arloan, 23 kexa jaso dituzte; 2016an baino bi gehiago.
Elebidera jo zuten herritarren %92k euskara erabili zuten, eta %8k erabili zuten zerbitzua gazteleraz. Gizonezkoak izan ziren erabiltzaileen %79, eta emakumezkoak %21.