Elebidun gehiago eta gazteagoak

Jaurlaritzaren IV. mapa soziolinguistikoaren arabera, 1981ean baino 325.000 elebidun gehiago daude EAEn

mikel p ansa
Donostia
2009ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %15 hazi da elebidunen kopurua 25 urtean; herrialde horietan 755.640 lagunek zekiten euskaraz, 2006an -1981ean baino 325.000 gehiagok-. Nafarroa, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoakoak batuta, 873.000 inguru dira elebidunak. «Euskarak historian inoiz izan duen elebidun kopuru handiena», Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako jarduneko Kultura sailburuaren hitzetan.

IV. mapa soziolinguistikoaren ondorio nagusietako bat da hori. Atzo aurkeztu zuten mapa Azkaratek eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako kideek: Patxi Baztarrika sailburuordeak, Erramun Osa koordinazio zuzendariak eta Jon Aizpurua plangintza eta ikerketa arduradunak. 1981eko biztanleria datuekin egin zuen Jaurlaritzak I. mapa soziolinguistikoa. IV. mapa osatzeko, 2006ko biztanleria datuak erabili dituzte. 2006koa da inkesta soziolinguistikoa ere, iaz aurkeztu zutena. Baina inkestak 15 urtetik gorako biztanleak hartzen ditu kontuan; mapa soziolinguistikoan 5 urtetik gorakoak zenbatzen dira.

«Arrakasta nabarmena eta erronka berriak uztarri berean lotu dituen kronika» egin zuen, atzo, Baztarrikak: «Elebitasuna duela hogeita bost urte baino indartsuago da gure artean. Gaur egun, herritarren %37,5ek dakite ongi euskaraz, eta duela 25 urte, %22k bakarrik». Erdaldun elebakarren kopurua %45era jaitsi dela ere jakinarazi du.

Elebidunen hazkunde handiena gazteen artean gertatu da. 15 urtez azpikoen %75ek dakite euskaraz -1981ean %20 ziren-. 35 urtez azpiko elebidun gehienek-%59k- eskolan edo euskaltegian ikasi dute euskaraz, eta, gehienentzako, gaztelania da lehen hizkuntza. Horrez gain, «herrialde, eskualde eta udalerrien aniztasun soziolinguistikoa» ere esanguratsua dela adierazi du Baztarrikak. Elebitasuna inguru urbanoetan hazi da gehienbat.

Euskara, etxerako

«Esparru publikoan lekua irabazten ari da euskara, ez, ordea, etxean edo familian», Baztarrikaren esanetan. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren %78,5ek gaztelania erabiltzen dute, nagusiki, etxean; %13k euskara erabiltzen dute batik bat; %8,4k biak darabiltzate. Etxean euskara erabiltzen dutenen kopurua ez da hazi 15 urtean. Horretan eragin zuzena dute ingurune soziolinguistikoak eta euskara lehen hizkuntza izateak, Baztarrikaren esanetan. Euskararen erabilera indartzeko, gizarteak euskara «bere egin» behar duela, eta ahalik eta adostasun handienean oinarritutako politikak behar direla ohartarazi du Baztarrikak: «Herri aginteen aldetik ezin da atzera egin, ezin da utzikeriaz jokatu, jarrera proaktiboa behar da ahulena indarberritzeko».

Azkaratek adierazi du Jaurlaritza berria osatzeko PSOE eta PP alderdiek «hasteko egin dituzten urratsak» ez direla euskararentzat oso «itxaropentsuak». «Hiztunen beharrak aurkitu eta politika egokiak» garatzea da gakoa, Azkarateren ustez, «ados jarriz eta herritarren gehiengoaren iritzia errespetatuz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.