Elebitasunera gehien hurbiltzen dena D eredua dela oroitarazi diete gurasoei

Euskara hutsezko eredua nabarmendu du Sortzen Ikasbatuaz-ek, aurrematrikulazioen lehen egunean

Olatz Urbina, Bego Bitorika eta Nestor Salaberria, atzo Sortzen Ikasbatuaz-ek Gasteizen eginiko agerraldian. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Gasteiz
2012ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Ereduen politika gainditu bitartean D ereduak duen garrantzia nabarmendu du Sortzen Ikasbatuaz-ek. Elkarteak oroitarazi duenez, eredu horrek lortzen ditu emaitza onenak elebitasunean; beraz, euskara hutsean ikasteko ereduaren alde egiteko eskatu die elkarteak gurasoei, aurrematrikulazioa egiteko lehen egunean.

Sortzen Ikasbatuaz-ek agerraldi bat egin zuen atzo, Gasteizen. Elkartearen idazkari Bego Bitorika, Arabako koordinatzaile Olatz Urbina eta Nafarroako koordinatzaile Nestor Salaberria izan ziren prentsaurrean. Aurreneko eguna izan zen atzo Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleak 2012-2013ko ikasturtean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxe publikoetan eta itunpekoetan aurrematrikulatzeko. Otsailaren 9ra arte egongo da zabalik Internet bidez izena emateko epea, eta hurrengo egunera arte, ikastetxeetan ematekoa.

Nafarroan, gaur aurkeztuko du Hezkuntza kontseilari Jose Iribasek herrialde horretako ikastetxe publikoetan eta itunpekoetan aurrematrikulatzeko kanpaina; datorren astelehenean irekiko dute epea.

Sortzen Ikasbatuaz-ek gogorarazi duenez, gazteek, derrigorrezko ikasketak amaitzen dituztenean, ez dute euskara menperatzen. Salaberriaren iritziz, helburu hori ez betetzeak adierazten du indarrean dagoen hezkuntza politikak ez duela euskalduntzen eta, hortaz, legea ez dela betetzen. Nafarroa Garaiko eta Behereko, Lapurdiko eta Zuberoako herritarren egoera Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrena baino okerragoa dela gaineratu du Salaberriak; Nafarroako Euskararen Legean ezarritako eremuak eta Frantziaren politika «zorrotza» kritikatu ditu.

Euskal Herrian euskaraz bizitzeko aukera bermatuko duen hezkuntza eredua aldarrikatu du Salaberriak. Horretarako, euskaldun guztien eskubideak errespetatu eta bermatuko dituen lege bakar bat ezartzea «inoiz baino beharrezkoagoa» dela adierazi du.

Ereduen politika indarrean dagoen bitartean, euskara hutsezkoaren bertuteak defendatu dituzte Sortzen Ikasbatuaz-eko ordezkariek. Euskara eta gaztelania «maila berean» garatzeko gai den bakarra D eredua dela azaldu du Salaberriak, eta erantsi du euskara ikasteak ez duela beste hizkuntza batzuk ikastea oztopatzen. Gainera, hezkuntza sistema publikoaren alde egin du, «aukera berdintasuna» eskaintzen duelakoan. Baina berdintasun hori desagertu egiten dela uste du Salaberriak, ikasleak ez badira gai euskaraz egiteko: «Euskara ongi jakin gabeeskola uzten duen umeak ez du gainerako haurren aukera berdintasunik izango; ez lan munduan, ezta bizitzako gainerako eremuetan ere».

Ingelesa «amu»

Euskararen eta ingelesaren irakaskuntza kontrajarri nahi izatea leporatu die Salaberriak Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari: «Jende askok modernitatearen eta hizkuntzen ikaskuntzaren amua irentsi du». Hezkuntza eredu hirueledunaren sinesgarritasuna zalantzan jarri du Salaberriak, eredu horren emaitzak azaleratzen dituen ikerketarik ez dagoela azalduta. Elebitasun «orekatua» eta aukera berdintasuna D ereduak lor dezakeela eta, Salaberriak ziurtatu du hiru eleko hezkuntza sistemak ezin dituela helburu horiek erdietsi.

Eskola publiko «biziak, parte hartzaileak eta eraldatzaileak» beharrezkoak direla adierazi du Salaberriak, eta elkarlana eskatu die irakasle, ikasle, guraso eta hezkuntza arloko gainontzeko langileei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.