Elena Calek labankada «sakona» jaso zuen iazko urtarrilaren 17an. Cal artatu zuen anbulantziako medikuak hala ziurtatu du auzitegian. Herenegun hasi zen Calen hilketaren epaiketa, eta atzo hainbat lekukok eman zuten beren testigantza, tartean, artatu zuen medikuak. «Ebaki sakona» zuen emakumeak, eta odol asko galduta atzeman zuten larrialdi zerbitzuek, atzo medikuak azaldu zuenez. Hala ere, zaurituak bere pultsua berreskuratzea lortu zuten. Erdi odolustuta aurkitu zuten lekutik, Tolosako (Gipuzkoa) tren geltokiaren ondoko txabola batetik, Donostia Ospitalera eraman zuten Cal; bizirik heldu zen, baina erietxean bertan hil zen.
Hilketa bere gain hartu du Pablo Jorge Simaok, Calen bikotekide ohiak. Herenegun zehaztu zuen, ordea, ez zuela Cal hil nahi izan, labanaz «aurpegia markatu» nahi ziola, eta indarrik gabeko kolpea eman ziola aurpegi aldean. Fiskalak hamalau urteko espetxe zigorra eskatu du Simaorentzat, Cal nahita hil zuelakoan; defentsako abokatuak, berriz, zigorra urtebetekoa izatea galdegin du, Simaok Cal hiltzeko asmorik ez zuela iritzita.
Herenegun hiltzaileak berak deklaratu zuen, eta atzoko saioan lekukoek hartu zuten hitza, Donostiako Probintzia Auzitegian. Lekuko batzuek ezbaian jarri zituzten Simaoren herenegungo argudioak. Cal hil zutenean haren bikotekide zen gizonak deklaratu zuen atzo auzitegian, eta hark ziurtatu zuen Simaok ez zuela edanda egoteko itxurarik —akusatuak herenegun argudiatu zuen, aldiz, hilketaren momentuan «kargatuta» zegoela—.
Hiltzaileak, hildakoak eta haren bikotekideak alkoholarekin arazoak dituztela bai aitortu dute beste lekuko batzuek; esaterako, hirurak ibiltzen ziren tabernetako langileek. Hiltzaileak tabernetan inoiz ez zuela arazorik sortzen deklaratu dute horiek; hildako andreak, ordea, tabernetako batean sartzea debekatua zuen.
Lapurreta bat, eta atea itxita
Calen bikotekide zenak auzi saioan jakinarazi duenez, azkenaldian Simaorekin haserretuta zebilen bikotea. Gas bonbona txiki bat «lapurtu» omen zien Simaok, eta gela gisa erabiltzen zuten txabolako txokoa katez itxi omen zien —Simaok aitortu zituen puntu horiek herenegun, baina garrantzia kendu zien liskarrei—.
Hilketa gertatu aurretik Cal eta Simao eztabaidan aritu zirela azaldu du Calen bikotekideak. Simaok labankada oso azkarra eman ziola adierazi du, eta berari ez ziola denborarik eman ezer egiteko: «Konturatu nintzenerako, sartua zion». Akusatuak lepoan sartu zion labana Cali, eta bizkarrezurraren ondoko zain bat eten. Simaok lasterka alde egin zuela erantsi du lekukoak.
Calen bikotekideak deitu zuen larrialdietara, emakumea lepoari eusten eta odola galtzen ari zen bitartean. Medikuek telefonoz esanda, txamarra lepoan jarri eta zauriari eusten saiatu zen gizona: «Baina ezin nuen gelditu txorrotan ateratzen zen odola, ebakia sakona zen».
Simao atxilotu zuten ertzainek ere deklaratu zuten atzo. Atxilotuak hilketa ukatu zuen hasieran, haien esanetan, baina ez zion kontra egin atxiloketari. Bizi ziren txabolako egoera ere deskribatu zuten ertzainek: argirik eta urik gabe, «higiene gabezia handienean» bizi zirela azaldu dute.
Gaur goizean jarraituko du auziak; auzitegi medikuen deklarazioak entzungo dituzte zinpeko epaihamahiko kideek.
Emakumeen aurkako indarkeria
Elena Calek labankada «sakona» jaso zuela azaldu du artatu zuen medikuak
Hilketa ikusi zuen lekukoak deklaratu du labankada bizkorra izan zela eta ezin izan zuela emakumea salbatu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu