Elena Torres PSNko kidea hautatu dute gaur Nafarroa Parlamentuko presidente, 12:30ak pasatxo zirela. 11:00etan hasi da Legebiltzarreko Mahaia osatzeko saioa eta, PSNk ez ezik, UPNk haren alde bozkatu du. Aurreko egunetan horixe agindua zuen UPNk, sozialisten eta Nafarroa Bai koalizio abertzalearen (Aralar, EA, Batzarre, EAJ) negoziaketak baldintzatu nahian. Lortu du, PSN eta NaBai ez direlako akordiora iritsi.
CDNk ere Torresen alde egin du bozketan, eta honek denera 36 boto jaso ditu (UPNren 22ak, PSNren 12ak eta CDNren 2ak). Mahaiko presidenteordea Javier Markotegi (UPN) izango da.
NaBaik Koldo Amezketa EAko presidente ohia aurkeztu du, eta koalizioaren botoak baino ez ditu jaso (12). IU abstenitu egin da (2 parlamentari ditu). Amezketa izango da Mahaiko bigarren presidenteordea, eta idazkariak Ana Figueras (IU) eta Jose Andres Burgete (CDN).
Torres -PSNren idazkariordea da- "gustura" azaldu da, eta esan du Mahaian "alderdi denak ordezkatuta" daudela. Parlamentuko aukeraketak Nafarroako Gobernuaren osaketarako "eraginik ez" izatea espero du, sozialistak NaBairekin hizketan ari diren arren. Gauza bera uste du Fernando Puras PSNren lehendakarigaiak. Patxi Zabaleta Nafarroa Bairen lehendakarigaiak, berriz, aurrera begira gauzak "argitzeko" eskatu dio.
Hain zuzen, NaBai eta PSNko buruzagiek bilera egin dute gaur goizean, Nafarroako Parlamentua osatzeko saioa hasi aurretik instituzio horren eraketaren inguruan ados jartzeko asmoz, eta ez dira akordiora iritsi, gero bozketan ikusi den bezala. Atzo jakin zen NaBaik Koldo Amezketaren hautagaitza aurkeztuko zuela Parlamentuko presidente izateko, eta PSNk ez zuela hautagaitza hori babestuko. Aldiz, eurek ere hautagaia proposatuko zutela jakinarazi zuen atzo iluntzean PSNk.
Hala ere, gaur goizeko bederatzietan azken orduko bilera egin dute NaBaiko eta PSNko buruzagiek akordio bat lortzeko asmoz. Hutsean geratu da ahalegina, beren aldeko botoa eskatu baitiete sozialistek NaBaikoei.
EAE-ANVren elkarretaratzea
EAE-ANVren Nafarroako Parlamentuko hautagaitza baliogabetu egin zuten Espainiako auzitegiek, eta gaur alderdi hartako kideek elkarretaratzea eta ekitaldi politiko egin dituzte Parlamentuaren egoitzaren aurrean.
Elena Torres PSNko kidea, Nafarroako Parlamentuko presidente
UPNk hautagai sozialistari bozkatu dio, CDNk ere bai. Nafarroa Bairen eta PSNren negoziazioek ez dute fruiturik eman, gaur goizean ere bildu diren arren. Javier Markotegi (UPN) izango da Mahaiko lehen presidenteordea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu