Hilketa

Elgetako tabako saltzailearen hilketaren kasuan Mendikute errudun dela ebatzi du zinpekoen epaimahaiak

Arrate Elkoro Elgetako (Gipuzkoa) tabako saltzailearen hilketagatik epaitu duen zinpekoen epaimahaiak Aitor Mendikute errudun dela ebatzi du, ahobatez. Zehazki, Mendikutek asasinatze delitua egin zuela erabaki du epaimahaiak, eta halaber, lapurretan egin ziola hildakoari. Gainera, indarkeria eta armen erabilera larrigarri gisa hartu dituzte zinpekoek, eta, aringarri modura, ordea, Mendikuteren gaitz psikopatikoa. Mendikutek berak aitortu zuen Arrate Elkoro hil zuela.

2004ko maiatzaren 19a
16:05
Entzun
Hala ere, hildakoari lapurretan egin zionik ukatu egin zuen akusatuak.

Zinpekoen epaimahaiaren epaia aintzat hartuta, 24 urteko espetxe zigorra eskatu du fiskaltzak Mendikuterentzat; hots, epaiketa hasi aurretik baino lau gehiago. Familiaren akusazio partikularrak eta Elgetako Udalak gidatutako herri akusazioak, ostera, 30 urtetik 27ra jaitsi du zigor eskaera.

Defentsak aldiz, 8 urtetik 25era igo behar izan du hasierako eskaera, hain zuzen ere, zinpekoen aburuz Mendikuteren ekintza hilketa soilaz haratago asasinatzea izan delako, eta, halaber, lapurreta egotzi diotelako. Nolanahi ere, epaia errekurritu egingo duela iragarri du defentsak.

Arrate Elkororen hilketa 2002ko maiatzaren 9an gertatu zen, Elgetan zuen tabako denda barruan. Inork ez zuen ikusi zer gertatu zen, baina lau labankada zituen arren —bat bihotzean— kalera atera eta inguruan zeudeni hiltzailea nor zen esateko indarra izan zuen 60 urteko emakumeak hil aurretik.

Mendikute lau egun beranduago atxilotu zuten, Donostian, eta haren arropetan odol zantzuak aurkitu zituzten. Halaber, Elkoro berak hil zuela onartu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.