Aralarrek independenteekin bat egin du Elgetan. Nolatan?
Gabezia bat zegoelako aurkeztu ginen, herriko taldeak pixka bat baztertuta geundelako. Azkenean, udalarekin borroka egin beharrean, udalera joatea erabaki genuen. Eta bai, Aralar eta independente modura aurkeztu gara, baina, alderdiari baino gehiago, herriari begira aurkeztu gara.
31 urtez alkatetza izan duen Patxi Basauriri irabazi diezue. Kontent, ezta?
Orain dela lau urte ia-ia hauteskundeak irabaztea lortu genuen, eta herriak aldaketarako borondatea zuela erakutsi zuten emaitzek. Orain, aldaketa hori etorri da. 31 urte egon gara alkate berarekin, eta normala da gauzak hasi eta bukatzea, gauza naturala da hori. Aldaketari dramatikotasun guztia kendu behar zaio. Elgetarrek aldaketaren alde egin dute, eta aldaketa bidean dator.
Oraindik, baina, ez dago deus erabakirik, ez dago gehiengo osorik. Nola ikusten duzu hori? Koalizioak egiteko asmorik?
Goiz da horren gaineko erabakirik hartzeko. Hala ere, garbi dugu ahal den adostasun zabalena lortzen saiatu behar dugula, ahal den gehienekin gobernatzen saiatzeko. Guk aukera guztiak zabalik ditugu, herriarentzat ona dela ikusten dugulako. Saiatu, saiatuko gara.
Zein izango dira zuen lehentasunak?
Udalaren benetako egoerako ekonomikoa zein den jakin nahi dugu lehenik, buruan ditugun proiektuak egin daitezkeen ala ez ikusteko. Kontuak ikuskatuko ditugu, eta horrek zehaztuko du egoera ekonomikoa zein den. Hainbat gauza ditugu buruan, kultura alorrean, kirol alorrean, zerbitzu sozial alorrean... baina Udaleko ateak herriko taldeei irekiko dizkiegu. Guk argi izan dugu beti, herritarren eta herriko taldeen partaidetza ezinbestekoa da. Herria herriko taldeekin egin nahi dugu. Ahal den adostasun zabalena lortzen ahaleginduko gara, eta proiektu handiak herritarren iritzia entzunda egiten saiatuko gara.
Proiektu horiek aipatu dituzunean, zerbait espezifikoa duzu buruan?
Kaleak egokitzea, saihesbidearen bigarren zatia egitea, herrian etxebizitza behar den edo ez ikustea... Herrian lanean ari direnen ondoan egon behar dugu, laguntza eman. Hala ere, guretzat gakoa Udaleko egoera ekonomikoa zein den ezagutzea da. Proiektu batzuk dirua eskatzen dute, eta Udaleko egoera ekonomikoa ez da ona.
Zer deritzozu Patxi Basaurik alkatetzan iragan dituen urteei?
Nik uste 31 urtean gauzak ondo egiteko eta gauzak txarto egiteko denbora ematen duela, eta normala da hori. Lan hori ere baloratu egin behar da, eta beti esan izan dugu Patxik dena eman duela herriaren alde. Gauza onak egin dira, borondate ona egon delako, baina herriak aldaketa bat behar zuen, eta aldaketa hori etorri egin da. Hala ere, ez da ona agintean hainbeste urtez egotea, eta, nik behintzat, ez daukat hainbeste urte alkatetzan egoteko asmorik.
Aurrez zinegotzia izan zara, orain alkatetza lortzeko aukerak dituzu. Nola da herri txiki bateko udalean egotea?
Guk beti eduki ditugu karguak, eta herrian sinesten duten batzuk gara. Herriko edozein taldetan edo zinegotzi lanetan egotea ez da hain ezberdina. Egia da zinegotzi karguan ardura gehiago dituzula, gai gehiagoren artean erabaki behar duzulako; baina, guk erakutsi duguna herriarekiko inplikazioa eta herriarekin lana egiteko gogoa dela iruditzen zait. Elgetan gustura bizi gara eta Elgetan bizi nahi dugu. Herritarrek esan nahi dutena entzun behar da, eta hemen badago aukera hori. Agian, herri handietan ez da horrela izango, baina Elgetan bai, eta herritarrekin elkarlanean aritzen saiatzen gara. Hurrengo urteetan ere hori da guk hartuko dugun bidea.
Euskal Herrira begira, nola aztertzen dituzu Aralarrek EB-Aralarrekin eta Nafarroa Bai koalizioarekin lortu dituen emaitzak?
Uste dugu Nafarroan aldaketa posible dela. Hasieratik Nafarroan aldaketaren alde lan egitea izan da Aralarren borondatea, eta lan horrek fruituak eman dituela uste dut. Poztekoa eta zoriontzekoa da herritarrek aldaketari eman dioten babesa. EAEri dagokionez, bi alor bereiziko nituzke. Batzar Nagusietan, ezkerra askotan banatu izan da, eta ezkerra batzeko apustua izan da EB-Berdeekin elkartzea. Ados geunden gai sozialen, bakearen eta erabakitzeko eskubidearen inguruan, eta indarrak batzea izan da gure apustua. Udaletan, bestalde, herri bakoitza mundu bat da, eta, Aralar moduan, herri bakoitzari ahal den modu onenean erantzuten saiatu behar dugu.
NorTasun aGIrIa
Jaioterria. Elgeta.Jaioteguna. 1979ko apirilak 12.
Ikasketak. Geografian lizentziaduna.
Bizitza politikoa. Aralarreko Gipuzkoako koordinatzailea, Aralarreko Hego Euskal Herriko zuzendaritzako kidea eta Elgetako zinegotzia.
Afizioak. Lagunekin eta etxekoekin egotea.