URRIKO AZKEN ASTELEHENA

Elgoibarko Mausitxak eraman du gaztarik onenaren saria Gernikan

Eskulangintza, nekazaritza eta gastronomia azoka nagusietako bat egin dute gaur Gernika-Lumon, urriko azken astelehenaren harira. 100.000 lagun baino gehiago izan dira bertan.

3.700 euro ordaindu ditu Mendata Berrik (Bilbo) Elgoibarko Mausitxaren gaztaren truke. ANDER GARTZIA
2015eko urriaren 26a
08:12
Entzun

Gaur da egun handia Gernika-Lumon (Bizkaia), urriko azken astelehenean. 09:00ak iristearekin batera, kalera begira jarri dira era guztietako nekazaritza produktuez betetako saltokiak. Guztira, 313 postuk bete dituzte herriko kaleak. Iaz baino zazpi gehiago dira. Kalerik koloretsuena Artekale da, 64 postu baitaude han.

Jende asko elkartu da herrian; 110.000 lagun inguru, udalaren arabera. Hori horrela, azokaren balorazio "oso positiboa" egin du Iñaki Gorroño zinegotziak. Bertan da Ander Gartzia BERRIAko kazetaria, eta hainbat saltzailerekin hitz egin du; salmentekin pozik azaldu dira, "errekuperatzen" ari direla azalduz. Artekaleko postuetan, aldiz, iazkoarekin alderatuz salmentek eta jende kopuruak behera egin dutela antzeman dute.

Euskal Herriko azokarik garrantzitsuenetarikoa da urriko azken astelehenean Gernika-Lumon egiten dena. Bai herritarrentzat, bai inguruko baserritarrentzat, galdu ezineko egun bihurtu da. Berriro ere, gaztagileen presentzia nabaria da: 64 saltoki dituzte guztira. Eskulan produkturik ere ez da falta, eta bisitariek 50 postu dituzte nahi adina ikusi eta erosteko. Egarria asetzeko, aldiz, txakolingileak hemeretzi gunetan ari dira saltzen euren botilak.

Jendeak postuak bisitatu eta bertoko nekazaritza produktuak erosi bitartean, bertsolariek Merkurio iturri inguruak alaitu dituzte euren kantuekin. Iaz bezala, Andoni Egaña, Sebastian Lizaso eta Maialen Lujanbio izan dira oholtza gainean, eta bete egin da plaza.

Baserriko produktuen txapelketak ere ez dira falta. Barazki, fruta, txakolin, ezti eta gazta lehiaketetako epaimahaia euskal nekazaritzaren munduko teknikari ospetsuek osatuko dute. Gazta txapelketan, esaterako, sukaldeko maisu handiak egon dira gaztak dastatzen: besteak beste, Beñat Ormaetxea, Jauregibarria jatetxekoa; Daniel Garcia, Zortziko jatetxekoa; Jose Miguel Olazabalaga, Aizian jatetxekoa, eta Ana Martin enologoa. Sari banaketa eguerdiko ordu batean egin da, Merkurio iturrian. Ondoren, ospe handia hartu duen gazta erdiaren enkantea egin dute Adolfo Urioste plazan, Jose Antonio Bastegieta Marko-k gidatuta.

Elgoibarko Mausitxak eraman du gaztarik onenaren saria. 3.700 euro ordaindu ditu Mendata Berrik (Bilbo) Elgoibarko Mausitxaren gaztaren truke.

Kirolzale asko batu dira, berriz, herriko Jai Alai frontoian. Arratsaldeko seietan hasiko da jaialdi nagusia, Irastorza-Hormaetxea eta Beaskoetxea-Lekerika bikoteen arteko lehiarekin. Gainera, binakako partida amaitu ostean, kiniela amerikar erara ere lehiatuko dira kirolariak.

Behin jaialdia amaituta, dantzaleku bihurtuko da Jai Alai frontoia. Hara bildutakoek aukera izango dute DJ Txaparrok jarritako doinuekin gozatzeko. Gainera, Astran Porru festa antolatu dute arratsalderako, giroarekin jarraitzeko. DJ Bull arduratuko da musika jartzeaz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.