Aurreko igandean Legazpin (Gipuzkoa) bezala, gaur Ordiziako (Gipuzkoa) gazta lehiaketa entzutetsuko lehen saria Jesus Ansolak (Elgoibar, Gipuzkoa) aurkeztutako gaztak eraman du. Mausitxa gaztandegiko ketu gabeko gazta batekin bereganatu du saria, eta Urrezko Gazta izendapen berezia ere jasoko du. Izan ere, hamar urteren barruan Ordiziako lehiaketa hiru aldiz irabazten duenari ematen diote; Ansolak, aurtengoaz gain, 2007an eta 2005ean irabazi zuen Ordizian lehenengo saria.
Super Amara Donostiako supermerkatuak hamabi mila euro ordaindu du gazta irabazlearen erdiagatik. Errekorra 2004koa da: 12.100 euro. Super Amara azken unera arte enkantean Kutxarekin jardun da; Fronton Tolosako (Gipuzkoa) jatetxea ere sartu da lehian.
Gaur bigarren Ricardo Remiro geratu da -iaz irabazle atera zen-. Hirugarren tokian Joxe Mari Jauregi eta Eli Gorrotxategi senar-emazteak geratu dira.
Azoka egun handia ari dira ospatzen gaur Ordizian. Goizean goizetik jendearen joan-etorria oparoa da, eta eguerdi partean ugaritu egin da ikusleen kopurua. Beti Alai pilotalekuan egon da arreta guneetako bat eguartean, gazta lehiaketako epaimahaia aurkeztutako produktuak dastatzen aritu den bitartean. Interesak eta jendearen jakinahiak 13:30etik aurrera jo dute gaina, emaitzak noiz argituko. 58 gaztagilek aurkeztu dute gazta bana lehiaketara.
gizartea
Elgoibarko Mausitxako gaztak irabazi du Ordiziako lehiaketa
Urrezko Gazta saria ere bereganatu du, azken hamar urtean hirugarren aldiz irabazi baitu. Hamabi mila euro ordaindu dituzte haren gazte erdiagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu